Iñigo Uribeetxebarria eta Sarah Ugarte izan dira azkarrenak VI. Negu Trail mendi lasterketan

Leyre Carrasco 2024ko otsailaren 4a

300 parte hartzaile inguru izan dira aurtengo edizioan; gizonezkoetan Iñigo Uribeetxebarria legazpiarra, eta emakumezkoetan, berriz, Sarah Ugarte tolosarra izan dira garaile.

Behe-lainoa ez da aitzakia izan, eta korrikalari ugari animatu dira Berastegiko Negu Trail mendi lasterketan parte hartzera. Hain zuzen, VI. edizioa izan dute jokoan gaur goizean, eta iaz bezala, aurtengoan ere 300 korrikalari inguru izan dira guztira. Garaipena, ordea, Iñigo Uribeetxebarria legazpiarrak (01:20:53) eta Sarah Ugarte tolosarrak (01:40:42) eraman dute.

Uribeetxebarriak atzetik izan ditu helmugara pare-parean iritsi diren Axier Artola (01:21:10) eta Oier Zubeldia (01:21:12) amezketarrak. Emakumezkoen sailkapena, berriz, ez da hain parekatua izan. Laiane Arrospide tolosarra izan da bigarren, eta honek 01:44:49ko denborarekin zeharkatu du helmuga. Minutu gutxira iritsi da hirugarren postuan sailkatu den Itxaro Zabaleta leitzarra (01:46:26).

Parte hartzaileen artean, aurten, 30 berastegiar inguru aritu dira parte hartzen. Berastegiarrek aurtengoan podiuma egitea lortu ez badute ere, helmugara iritsi diren lehen herritarrentzako oroigarriak ere izan dituzte. Gizonezkoetan lehen herritarra Mattin Intxaurrondo (1:33:36) izan da, eta emakumezkoetan lehena, berriz, Aiora Lasarte (01:55:07).

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

  1. Iñigo Uribeetxeberria (01:20:53)
  2. Axier Artola (01:21:10)
  3. Oier Zubeldia (01:21:12)

Emakumezkoak

  1. Sarah Ugarte (01:40:42)
  2. Laiane Arrospide (01:44:49)
  3. Itxaro Zabaleta (01:46:26)

Herritarrak

  • Mattin Intxaurrondo (1:33:36)
  • Aiora Lasarte (01:55:07)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!