300 mendi lasterkari, Berastegi inguruetan

Imanol Garcia Landa 2024ko ots. 1a, 19:59

VI. Negu Trail mendi lasterketa egingo da igandean, eta aurtengoan aldaketa txiki bat egiteko asmoa dute ibilbidean.

Berastegiko VI. Negu Trail mendi lasterketa egingo da igandean, eta antolatzaileak buru-belarri dabiltza lanean egunotan. «Oso lanpetuta gabiltza», esan du Aritz Mujika antolakuntza taldeko kideak. «Gero lasterketa di-da batean joaten den arren, gauza asko izan behar dira kontuan, plan asko egin behar dira gauzak espero bezala ateratzen badira edo ez. Hori dena lotzen ari gara».

Arrakasta izaten jarraitzen du probak. 300 parte hartzailerentzako lekua dute zehaztuta, eta izen ematea ireki eta 24 ordu baino lehen amaitu zen. «Pentsatzen genuen beteko zela, eta azkar beteko zela», esan du Mujikak. «Horrek asebeteta uzten gaitu, esan nahi baitu baloratu egiten dela guk egiten duguna, egun horretan Berastegiko herritarrek egiten duten lana begi onez ikusten dutela. Asebete egiten gaitu, eta, aldi berean, zamatxo bat jartzen digu bizkar gainean, hori horrela mantendu dadin».

Ibilbideari dagokionez, berritasun bat izango du aurtengo Negu Trail probak. «Aurreko urtean Ipuliño mendia, igotzen den hirugarrena, oso bide antzekotik igo eta jaitsi egiten zen, eta aurten gailurrean beste igoeratxo bat sartu nahi izan dugu. Espero dugu eguraldiak lagunduko digula bide teknikoago bat sartzen, eta aldaketa hori dugu aurreikusita», zehaztu du Mujikak. Horrez gain, iaz bezala, zuzenekoa egitekoa asmoa dute beraien Youtubeko kanalaren bitartez. «Iaz egin genuena ere hor dugu kanalean inork ikusi nahi badu. Berastegin egon ezin dutenek zuzenekoaren bitartez aukera dute karrera jarraitzeko. Horrez gain, lasterketa ikusteko hain leku onetan ez dauden boluntarioek ere aukera dute jarraipena egiteko. Eta, noski, lasterkariak 300 dira, eta beraien ingurukoek ere jarraitu ahal dute proba modu horren bidez. Horiek guztiak kontuan izanik pentsatu genuen zuzenekoarekin hastea». Aurreko urtean une batean 800 pertsona egon ziren ikusten.

Berastegiko plazan hasi eta bukatzen da proba. 10:00etan abiatuko dira korrikalariak eta 16,35 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, mila metro inguruko desnibel positiboarekin. Lehenengo hiru korrikalariek, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, izango dute saria, eta baita ere lehen herritarrak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Aurten 30 berastegiar inguru ariko dira parte hartzen. Sariak ez dira dirutan ematen, baizik bertako produktuak eta babesleek eskainitakoak ematen zaizkie. Parte hartzaile guztiek eta baita lasterketa ikustera joaten direnek ere, hamaiketako oparoa izango dute proba bukatzerakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!