Berastegi eta Leitza artean Erdi Aroan kokatutako eleberria

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 23a, 11:59

Argazkia: Jon Urbe

Garazi Albizuak ‘Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak’ lana argitaratu eta XIV. mendean Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan gertatutakoak fikzionatu ditu.

Gaztelak 1200. urtean Nafarroako hainbat lur konkistatu ondoren, Gipuzkoako eta Nafarroa artekoari Gaizkileen muga deitu izan zitzaion. Ingurune horretan kokatu du Garazi Albizuak (Santurtzi, 1985) Leitzako Udalaren enkarguz Pamiela argitaletxean kaleratu duen Gaizkideen Galtzada. Leitzako dorreak eleberria. 

Besteak beste, Berastegi eta Leitzaren arteko mugan 1327tik 1346ra gertatzen ziren borrokak, traizioak, lapurretak, botere harremanak eta beste jasotzen ditu fikziozko nobelak. «Leitzako Udala aspaldian ari da herriko Erdi Aroko dorreak eta historia ikertzen Iñaki Sagredo historialariaren laguntzaz eta informazio hori egokitu eta gazteentzat erakargarria izan zitekeen lan bat idazteko proposamena luzatu zidaten. Aurretik ere ezaguna nuen Leitza Geuretik Sortuak bekarekin egona nintzelako bertan. Oraingoan amua bota eta baiezkoa esan nien», esan du Albizuak. Lanketarako Sagredoren lana eta Xabier Irujo eta Larraiz Ariznabarretak idatzitako Beotibar zazpi mende geroago liburuak hartu ditu oinarri. 

Idazle santurtziarrak dio bere lanetan beti bilatzen duela historiaren kutsua, idazterakoan beti behar izaten duela erreferentzia historikoa. Oraingo honetan, eta XIV. mendean Gaizkileen mugan gertatutakoak egituratzeko, Leitzako hiru dorre hartu ditu oinarri: gerora Iberoko dorrea izango zen burdinola, Gotoretxea eta Torrea. «Eraikin horietan josi ditut pertsonaien izaerak eta eszenak eta akzioak ere dorre horien arabera pentsatu ditut».

Ekintzaz beteriko lana

Akzio askoko eta trama biziko liburua da Gaizkideen Galtzada. Leitzako dorreak. Neurri batean gazteei bideratutako eleberria izateak baldintzatu du liburuan hainbeste ekintza egotea, baina bere idazkera moldeari ere egotzi dio Albizuak kontakizunaren estiloa: «Deskribapenetan edo narrazio geldoagoetan baino errazago moldatzen naiz akzioak kontatzen». 

Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarra aritu zaio editore lanetan eta emandako konfiantza eskertu nahi izan dio Albizuak: «Bere oharretan testuinguru historikoari buruzko erreferentzi batzuk eman dizkit eta oso baliotsuak izan zaizkit. Liburua idazterakoan laguntza handia izan dut, ondo inguratuta egon naiz». Zubeldiak azpimarratua du santurtziarraren idazteko era berezia dela: «Estilo trinkotua, zehatza du, elipsi askorekin eta esaldi laburrekin. Estilo berezi horrek batzuetan kolpatu egiten zaitu, indar narratibo izugarria daukalako». Ikaztegietarrak uste du historia ulertzeko eta sentitzeko baliabide oso interesgarria izan daitekeela, «bai gazteentzako, baita helduentzako ere».

Albizuak idazketa prozesuan bere buruari jolasak proposatu dizkiola esan du. «Pasarteak zentzumen jakin batean arreta jarrita idazten ditut, batzuetan usaimenean, eta bestetan entzumenean; eszenak modu horretara eraiki ditut. Idazketa prozesuan gauza askori kasu egin behar izan diodan arren oso polita izan da».

Nekoiza, Andrane, Bele, Eritze, Reta, Dominikus Esteribar edo Berastegiko oñaztarren buruzagi Erraldoe Matxingorri bezalako pertsonaiak asmatu ditu kontakizunerako eta bidean asko gozatu duela esan du. «Irudikatzen dut nola mugitzen diren pertsonaiak, nola hitz egiten duten. Hainbeste gertakizun nituenez kudeatzeko, tentsio bakoitzari pertsonaia bat eman diot eta pertsonaia horrek izan du korapiloa askatzeko eginkizuna», aipatu du idazleak.

Ahalegin berezia egin du emakumezko pertsonaiak orrazteko. «Lanketa berezia egin behar izan dut eta aurreiritzi asko kendu burutik. Dantzan ibili naiz indar horekin baina pentsatzen dut egiantzeko emakume batzuk sortu ditudala. Fikziozkoak izan arren, XIV. mendean ere egon zitezkeen horrelakoak». Modu berean sortu ditu narraziorako hesituak, herritik alde egitera behartutakoak: «Arrazoi bategatik edo besteagatik garai horretan herritik alde egin behar izaten zuten pertsonaiak ziren eta basoa iruditu zait aterpe egokia komunitate horrentzat». Hierarkiarik gabeko talde bat, elezaharretan sinesten duena eta naturarekin sintonian bizi dena irudikatu du Albizuak eleberrian.

Fantasiazko elementuak ere jaso ditu: «Momentu magiko horiek malgutasuna eman didate. Ulertzen ez dugun horri tokia eginez, historiak duen trinkotasun hori osatu nahi izan dut». Liburuan, Amaia Ballesterosek egindako ilustrazioak bildu dituzte. «Oso lan txukuna egin du eta kontakizuna osatu eta testuingurua agerrarazteko funtzioa dute Amaiak egindako ilustrazioek», esan du egileak.

Liburuarekin Nafarroako erresuman garai hartan zeuden ezinegonen berri jasoko du irakurleak, Gipuzkoako ahaide nagusien intrigak eta lapurren tentazio ziren burdinolak eta gotorlekuak ezagutuko ditu. Larraun-Leitzaran eskualdetik, Tolosara zabaltzen den haranean izandako Beotibarko bataila amaitu eta sei urtera kokatu du kontakizunaren hasiera Albizuak, eta neurri batean, fikzioaren bitartez, nafarren eta gipuzkoarren arteko gerra gisa aurkeztu izan den horri, beste ikuspegi bat eman nahi izan dio, gatazka politiko bat baino gehiago garaiko bidelapurren eta bertako bizilagunen arteko borrokak kontatuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!