Indarra hartzen ari da Berastegiko emakume talde berria

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 28a, 07:59

Emakume taldea sortu berri dute Berastegin; hamabost kidek osatzen dute momentuz, baina irekia izango dela adierazi dute, eta nahi duen emakume orok izango du bere tokia.

Berdintasunaren alorrean urratsak ematen jarraitzen dute Berastegin. Hain zuzen, emakumearen ahalduntzea bultzatzeko eta indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko emakume taldea sortu dute. Aurretik herriko emakume talde bat bazegoela kontatu dute taldeko kideek, «baina dinamizatze lan hori udalak beregain hartzen zuen». Horregatik, hemendik aurrera udaletik kanpo funtzionatuko duen talde bat izango dela adierazi dute, «herriko beste talde eragile bat izango gara».

Hamabost emakumek osatzen dute taldea momentuz eta tartean dira Garbiñe Ezkerra, Maite Amondarain, Susana Garcia, Tere Malkorra, Lierni Gartziarena, Amaia Azkue, Ixiar Atxukarro eta Uxue Arzallus herritarrak. Dagoeneko azaroaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako eguna eta azaroak 30eko greba orokorra antolatzeko bilera ugari egin dituzte eta gustura elkartzen direla adierazi dute: «Lehenengo egunetik jende oso anitza elkartu ginen helburu berdin batekin eta orain arte adostasun batean aritu gara lanean».

Berdintasuna eta feminismoa «oso gai zabalak» direla diote, eta hori nola landu eta zabaldu nahi duten zehaztu behar dute oraindik. Horregatik, sortze-prozesuan badaude ere, epe ertaineko helburuak zehaztuta dituzte. «Herrian espazio seguru bat eraikitzeko asmoa dugu, emakumeok gustura sentituko garena, ikasteko leku bat izango dena, baina aldi berean, herrian eragina ere izango duena». Barne-prozesu horretan emakumearen ahalduntzea eutsi beharreko adar garrantzitsu bat dela uste dute, eta horregatik euren asmoa talde feminista bat bilakatzea izango da, «badaukalako eragiteko beste modu bat».

Aurrera begira diagnostiko moduko bat egiteko asmoa dute, «herrian dauden errealitateak aztertu eta horri erantzun bat ematen saiatzeko asmoaz». Horregatik, herriko belaunaldi berrietara gerturatzeko asmoa izango dute, «errealitate desberdinek begirada zabalduko baitigute».

Halaber, kontatu dute herrian badituztela talde feminista batek landu ditzakeen eremu desberdinak lantzen dituzten hainbat eragile, «baina interesgarria izango litzateke talde honek ere errealitate guzti horiek erdigunean izatea nolabaiteko eragina izateko». Horregatik, herriko kolektibo ezberdinetara gerturatzeko asmoa ere izango dute; herriko baserritar emakume edo zaintza lanetan aritzen diren emakumeengana, besteak beste.

Herriari begira ez ezik, eskualdeari begira ere jarriko dira. Horregatik, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak antolatzen dituen jarduera eta zerbitzuetan parte hartzeko asmoa izango dute. Taldekideek zehaztu dutenez, «norbanako bezala parte hartu dezakegu bertan, baina talde bezala beste dinamika bat edukiko luke eta hori ere bada gure beste helburuetako bat». Horrek ere ateak zabalduko dizkie, «gainontzeko herrietako taldeekin hartu-emanak sortzera».

Talde irekia

Gutxienez, hilean behin elkartzeko asmoa izango dute, eta taldea irekia izango denez, nahi duen emakume orok izango du bere tokia. «Taldekide aktibo izan zaitezke edo antolatzen diren ekintzetan zein jardunaldietan parte hartzaile. Interesa baduzu, hurbildu guregana lasai, galdetu, parte hartu».

Gabonak bukatu ostean, inauterien aurretik egingo dute hurrengo bilera. Bertan, taldea garatzen joan ez ezik, hainbat ekitaldi antolatzen jarraituko dituzte; izango dituzten hainbat formakuntza eta Martxoak 8ko eguna, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!