ELKARRIZKETA

«Futbolaz ahal dudan gehiena gozatu nahi dut»

Leyre Carrasco 2023ko abe. 27a, 07:59

Berastegiarra Espainiako selekzioarekin ari da jokatzen, 17 urtez azpiko mailan; martxoan 2024ko Europako Futbol Txapelketako bigarren fasea izango dute jokoan Holandan.

Txikitatik du futbola gustuko Aiara Agirrezabalak (Berastegi, 2008). Herriko futbol taldean hasi eta Realera egin zuen salto 2021ean. Futbolari moduan baditu bere ametsak, eta pixkana bada ere, ahalik eta urrutien iristea du helburu futbol jokalari gazteak.

Noiz hasi zinen futbolean?

Nire lehenengo futbol taldea Berastegi izan zen. Herriko eskola kirolan hiru kirol mota zeuden: saskibaloia, eskubaloia edo futbola. Urteak bete ahala kirol batean zentratu behar zenuen eta nire gustukoena futbola zenez, hori aukeratu nuen.

Txikitatik gustatu izan zaizu futbola?

Nire inguruan futbolean ibiltzen zen jende asko nuen, nire anaia, adibidez. Ni ere harekin jolasten hasi nintzen eta azkenean futbolari gustua hartu nion.

Beste kirolik egiten duzu edo egitea gustatuko litzaizuke?

Duela bi urtera arte dantza eta pala egiten nituen, baina Realean sartu nintzenean horiek utzi egin behar izan nituen, denbora falta zela eta. Hori beste eguneroko bat da eta ez nuen denborarik beste kirolik egiteko. Hala ere, gaur egun futbolaz gain, beste kirol mota batzuk egiten saiatzen naiz.

Noiz hasi zinen Realean?

2021. urteko udan hasi nintzen eta hau nire bigarren denboraldia da.

Futbolari bezala, baduzu ametsik?

Ez dut amets finkorik, baina pentsatzen jarrita nik uste nire ametsa ahalik eta kategoria altuenera iristea dela.

2024ko Europako Futbol Txapelketako lehen fasea jokatu zenuen Espainiako selekzioarekin. Zer moduz joan zen?

Oso ondo, azkenean partidak nahi bezala atera ziren eta emaitza oso onak izan genituen. Irabazteak azkenean talde giroan ere eragiten du. Hala ere, kontuan izan behar da zelaiaz kanpo pertsonalitate desberdineko jendea garela, toki desberdinetakoak eta bakoitzaren egunerokoa ere ez da berdina. Horrek eragina du eta denbora asko eskatzen du taldea osatzeko eta gure arteko harremanak finkatzeko.

Zein giro duzu taldean?

Euskal Herritik bizpahiru jokalari bakarrik gaude Selekzioan eta oso desberdina da gure artean dugun harremana, Andaluziako batekin daukagunarekin alderatuta. Hala ere, orokorrean, oso giro ona dugu.

Hiru partida jokatu zenituzten guztira, eta alde handiarekin irabazi zenituzten hirurak, gainera. Pozik, ezta?

Bai, azkenean gure helburua hori zen. Horrelako txapelketa garrantzitsu batean emaitza horiek lortzea sekulakoa izan da. Esperientzia oso ona izan da.

Lehen aldia izan da Espainiako selekzioarekin jokatzen zenuena?

Ez, 15 urte azpikoekin ere txapelketaren bat jokatu nuen, eta nahiz eta beste selekzio batzuen aurka jokatu ez zen ofiziala izan. Europa mailan ofiziala den lehen txapelketa 17 urte azpikoekin izaten da.

Abenduaren 8an Europako Txapelketako bigarren faseko zozketa ospatu zen. Zein izan da emaitza?

Espainiako Selekzioak, Holanda, Turkia eta Ukrainiaren aurka jokatuko du, eta txapelketako bigarren fase hori Holandan izango da.

Martxo aldera jokatuko duzue. Zein aurreikuspen duzu?

Lehenik eta behin, oraindik ez dakit joango naizen, konbokatuta nagoen edo ez esan behar didate eta. Hala ere, ondo joatea espero dut, Espainiako selekzioa urrutira iristen ari baita.

Zer moduz entrenamenduak? Hasi zarete?

Oraindik ez, bi hilabete inguru lehenago hasten gara entrenamenduekin. Madrilen edo Alacanten egiten ditugu entrenamenduak eta ezin dugu joan etorrian ibili, horregatik, hiru eguneko kontzentrazio modukoak antolatzen dituzte.

Hala ere, Realeko entrenamenduekin jarraitzen duzue, ezta?

Bai, astean hiru edo lau egunetan izaten ditugu, eta tartean partidak ere bai. Orain deskantsu bat ondo etorriko zaigu, bueltan indarrarekin jarraitzeko, baina oso gustura joaten naiz entrenatzera.

Zaila egiten zaizu eskola eta denbora librea entrenamenduekin partekatzea?

Eskola berez ondo, baina lagunekin denbora pasatzea zaila egiten zait. Aurten pixka bat desberdina izan da, baino nahiko ondo eraman dut.

Beste proiekturik duzu eskuartean?

Duela gutxi Euskadirekin Selekzio Autonomikoko txapelketan izan ginen eta urrezko fasean sailkatu ginen. Horrez gain, futbolarekin luze jarraitzeko asmoa dut, ea noraino iristen garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!