Gabonen aurretik elkartasun keinuak nagusi izaten dira. Horietako bat izaten da Berastegiko J.A. Muñagorri eskolak urtero antolatzen duen elkartasun azoka. «Eskolako proiektu baterako hondakinen gaia aitzaki hartuta, duela 17 urte hasi ginen azoka egiten», kontatu du Maite Amundarain antolatzaileak. Berrerabilpena bultzatzeko asmoarekin, urtero antolatzen dute azoka, eta asteburuan egingo dute aurtengoa, aparkaleku azpiko lokalean; ostiralean, 16:15etatik 18:30etara, eta larunbatean eta igandean, 11:30etatik 13:00etara zabalduko dute.
Ostegunera arte izango dira bigarren eskuko materiala biltzen eta azokaren bat egin nahi dutenek eskolako ordutegian eraman beharko dute materiala eskolara, 9:00etatik 16:00etara. Materiala eskolako ordutegian eraman ezin dutenek eskolarekin jarri beharko dira harremanetan 943 89 91 29 telefono zenbakira deituta, materiala beste hitzordu batean eraman ahal izateko.
Materialari dagokionez, denetik jasotzen dutela zehaztu du Amundarainek, baina normalean, arropa, liburuak eta jostailuak biltzen dituzte. «Saldu gabe geratzen den materiala oraindik beste zenbait urteetan erabiltzeko prest dagoela ikusten badugu, eskolako ganbaran gordetzen dugun hurrengo urteko azokan saltzeko edo Emausera ere eramaten dugu», gehitu du antolatzaileak.
Elkartasun keinua
Ohiko moduan, bigarren eskuko azokan lortutako dirua Etiopiako Wukro herrira bidaltzen dute. Amundarainen esanetan, hori ez da Wukro herriarekin duten elkartasun keinu bakarra, Berastegiko kultur astearen barruan egiten den azokan ere postu bat jartzen baitute asmo berdinarekin. «Postu horretan, eskolan dugun baratzean bildutako barazkiak eta ikasleek zientzia tailerrean egiten dituzten ukendu eta marmeladak saltzen ditugu, besteak beste, eta hiru saski zozketatzen ditugu ere».
Azokarekin urte luzez jarraitzeko asmoarekin daudela dio Amundarainek, «herritarrek ondo hartzen duten ekimena da eta hainbeste urte eta gero, jendeak ohitura hartu du etxean gordeta duten eta erabiltzen ez duten materiala guregana ekartzeko, badakitelako abenduan, gabonen aurretik, azoka egiten dugula. Beraz, jendea zain egoten da gauzak pilatu eta azokara ekartzeko». Era berean, herritarrak animatu ditu elkartasun keinu honekin bat egin dezaten