ELKARRIZKETA

«Pozik geratu naiz urtearekin; aurtengo helburuak beteta»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 6a, 19:59

Berastegiarrak ultra modalidateko Euskal Herriko Kopa irabazi du eta, berriki, bigarren egin du Alakanteko (Herrialde Katalanak) Costa Blanca Trails 65K proban.

Denboraldi amaiera borobila ondu du Iban Agirrezabala (Berastegi, 1986) mendi lasterkariak: onenaren txapela jantzi du ultra modalitateko Euskal Herriko Kopan, eta bigarren iritsi da Alakanteko Costa Blanca Trails 65K proban. Gogobeteta hitz egin du, oro har, denboraldiaz, azken hilabeteez eta datorren urteko aurreikuspenez. 

Nola oroitzen duzu Alakanteko proba?
Lasterketan atera, eta poliki-poliki postuak aurreratzen joan nintzen. Ez nekien bigarren postuan nindoanik ere; eta esan zidatenean pentsatu nuen «ea eusten diodan edo aurrekoa harrapatzen dudan». Beti esaten dut aurrekoa ere ez dela inoiz herrena izaten. Aurreko posizioetan baldin banoa saiatzen naiz gehiago atzekoari aldea ateratzen, aurrekoa harrapatzen baino [barrez]; eta nire lasterketa egiten jarraitzen. Lasterketak hainbeste kilometro eta ordu dituenez, beti izaten dira gorabehera batzuk, baina buelta ematen jakin nuen eta bigarren sartzea lortu nuen. Oso gustura nago emaitzarekin.

Hori gutxi ez, eta Euskal Herriko Kopa ere irabazi duzu.
Egia esan sorpresaz etorri da pixka bat. Saria izan da, gehienbat, erregulartasunaren saria. Lasterketa guztiak bukatu, lehen hamabostetan mantendu... Eta horrek azkenean kopa irabaztea eman dit. Azken lasterketak egin arte ia ez nekien aukera nuenik ere. Baina dena ondo atera zen.

Azken lasterketan laugarren iritsi nintzen, baina Euskal Herriko Txapelketan, hirugarren. Bigarren egin zuena kantabriarra zen, eta Euskal Herriko Txapelketarako ez zuen balio bere emaitzak. Beraz, hirugarren geratu nintzen eta horrekin batera Euskal Herriko Kopako ultrako txapeldun.

Ez zitzaizun egokia iruditu sariak modalitate bakarrean banatzea, ezta?
Sekula ez naiz joan diru sari baten bila. Lasterketa hauek nire gozamenerako egiten ditut; dirua galtzen beti aterako naiz, eta badakit hori. Baina ez zitzaidan etikoa iruditzen Kopako federazioak antolatutako txapelketetan batzuei saria ematea eta besteei ez. Arrazoi batzuk uler ditzazket, baina beste batzuk ez. 
Horren harira hausnarketa batzuk egon dira, hitz egiten aritu gara eta federazioko batzuk ados zeuden nirekin. Azkenean gauza batzuk aldatu dira eta diru sari batzuk egongo dira aurten. Pozten naiz; aurten ez dut parte hartuko kopan, baina ondorengoentzako egongo da. Berdintasuna aldarrikatzen dugunean ez du balio esparru batzuetan aplikatzea eta beste batzuetan ez. Gerora ere zoriondu ditut erabaki berriagatik. Gauzak gaizki egiten direnean esan behar dira, baina baita ondo egiten direnean ere.

Gustura sentitzen zara denboraldiarekin?
Lasterketa askotan posible da arantzatxoren bat geratzea; pixka bat hobeto egin nezakeenaren sentsazioa edo. Baina, orokorrean, oso gustura geratu naiz, eta errendimenduz oso ondo ikusi dut nire burua. Beraz, pozik geratu naiz urtearekin; aurtengo helburuak beteta. Gainera, lesio garrantzitsurik gabe urtea bukatzea lortu dut.

Datorren urtera begira zein dira aurreikuspenak?
Ilusio handiz nago. Beste batzuetan garai honetan geldialdi bat izaten dut, eta aurten ez da hainbestekoa izan. Baina ilusioa hor dago; beti saiatzen naiz lasterketa ezberdinak egiten, urtero ez errepikatzen. Eta horretan ere motibazio puntu bat aurkitzen dut: leku ezberdinetara bidaiatzen, familia giroan bidaiatzen... Hurrengo urteko helburuak betetzeko ilusio handiz eta gogotsu sentitzen naiz.

Honezkero erabakiko zenituen hurrengo lasterketak, ezta?
Lasterketa guztiak agian ez, baina gehienak planifikatuta izaten ditut. Hurrengo urtekoa antolatzen azkar hasi behar duzu; mendi lasterketetan ibiltzen denak ondo daki hori. Izen-emate gehienak irekita daude dagoeneko -urritik aurrera hasten dira martxan-, eta berehala betetzen dira. Helburu batzuk finkatu ditut, eta egutegia ere ia-ia beteta daukagu. Datorrena ea aurtengoa bezain borobila izaten den eta hainbeste gozatzen dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!