EH Bilduk esan du Gipuzkoako Ur Kontsortzioan bere erantzukizuna beteko duela

Ataria 2023ko azaroaren 29a

Andoni Zuriarrain Berastegiko alkateak hartuko du parte Ur Kontsortzioaren batzorde exekutiboan.

EH Bilduk izendatu ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren batzorde exekutiboan izango dituen ordezkariak eta tartean da Berastegiko alkate Andoni Zuriarrain. Salatu du udaletako lehen indarra izanik bertako lehendakaritza eta bost ordezkari dagozkiola, baina EAJ eta PSE-EE alderdiek bat egin dutela hori oztopatzeko.

Hala ere, Ur Kontsortzioko Administrazio Kontseiluan eta Gipuzkoako Urak enpresan izango dituen lau ordezkariak izendatu ditu. Berastegiko alkatearekin batera egongo dira Soraluzeko alkate Unai Larreategi, Zestoako alkate Mikel Arregi eta Arrasateko alkateorde Kepa Urteaga. EAJ eta PSE-EE alderdiek dagozkion ordezkariak hartzea galarazi badiote ere, alderdiak esan du «gipuzkoarrekiko arduraz eta erakundearekiko errespetuz» EH Bilduren ordezkariek beren erantzukizuna beteko dutela Gipuzkoako Ur Kontsortzioan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!