Aiara Agirrezabala, Europako Txapelketako sailkatze fasean

Ataria 2023ko azaroaren 28a

Aiara Agirrezabala, Realeko elastikoarekin. REAL SOCIEDAD

Berastegiarra Espainiako selekzioarekin ari da, 17 urtez azpiko mailan; abenduaren 8an egingo dute bigarren faseko zozketa.

Aiara Agirrezabala Azkue berastegiarrak 2024ko Europako Fubol Txapelketako lehen fasea jokatu du Espainiako selekzioarekin. 17 urtez azpiko mailan jokatu du eta kontuan izan behar da aurten 15 urte bete dituela Agirrezabalak. Portugalen jokatu zen lehen fasea, Braga barrutian, urriaren bukaeran. Espainiako selekzioa A1 taldean zegoen Bosnia eta Herzegovina, Txekia eta Portugalekin batera.

Lehen partidan 8-1 gailendu zen Espainiako selekzioa, eta bertan Realeko jokalari berastegiarrak bigarren zatiko 45 minutuak jokatu zituen. Bigarren partidan, berriz, 4-1 gailendu zen Txekiaren aurka eta Agirrezabalak bigarren zatiko 26 minutu jokatu zituen. Portugalen aurka 0-4 gailendu zen Espainiako selekzioa eta jokalari berastegiarrak partida osoa jokatu zuen.

Emaitza horiek lortuta, A1 taldean lehenengo postuan geratu ziren, eta horregatik abenduaren 8an izango den zozketan lehenengo ontzian egongo dira. Horrela, bigarren fasean beste 6 multzoetako bigarren edo hirugarren selekzioen aurka jokatu dezakete, eta B ligan dauden beste zazpi taldeetako lehenengo baten aurka.

Europako Txapelketarako bigarren fasea martxo aldera jokatuko litzateke eta hor lehenengo geratzen diren zazpi selekzioak eta Suedia, azken hori anfitrioi gisa ariko dena, maiatzaren 5etik 18ra jokatuko den azken fasera sailkatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!