Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2023

Emakume taldea sortu dute Berastegin

Ataria 2023ko azaroaren 25a

Goizean, emakume talde berriaren aurkezpena egin dute Berastegiko plazan. Talde irekia izango dela adierazi dute, eta nahi duen emakume orok izango du bere tokia.

Berdintasunaren alorrean  urratsak ematen jarraitzeko asmoz sortu dute taldea. «Kolektiboki aurrera egiteko elkargune bat izango da,  gogoeta eginaz, esperientziak eta konplizitateak elkartrukatuz, ekintza desberdinak antolatuz, eta abar», adierazi dute.

Gizarte parekideago bat nahi dutela aldarrikatu dute, bai beraientzat, bai etorkizuneko berastegiarrentzat. «Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu zurrunbilotik atera eta, hausnartzeko nahiz ekiteko, leku seguru bat izatea, ikusten ez dugunaz jabetzeko, ikusten eta bizitzen dugunaren aurrean pausoak emateko, eta zergatik ez, adin ezberdinetako emakumeen arteko sareak ere osatzeko».

Taldea irekia izango dela adierazi dute, eta nahi duen emakume orok izango du bere tokia. «Taldekide aktibo izan zaitezke edo antolatzen diren ekintzetan zein jardunaldietan parte hartzaile. Interesa baduzu, hurbildu guregana lasai, galdetu, parte hartu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!