Bertako produktuak eskuratzeko armairu sistema jarriko dute martxan, Berastegin

Ataria 2023ko urr. 26a, 16:00

Berastegiko Udalak 40 kutxatila jarriko ditu Kale Nagusitik aparkalekura bitartean; dagoeneko zabalik da izen-ematea eta udaletxean bertan egin beharko da inprimakia beteta.

Andoni Zuriarrain alkatearen hitzetan, «udalak mahai gainean du etengabe tokiko garapena eta bertako produktuei balioa eman eta dinamizatzea». Horregatik, bertako produktuak sortu, babestu eta kontsumitzeko helburu duen armairu sistema berria abiarazi du Berastegiko Udalak. Kale Nagusitik aparkalekura bitartean 40 kutxatila jarriko dira, hain zuzen.

2016an abiatu zuen orduko udal taldea, zuzeneko salmenta izena zuen proiektuarekin. «Herritarrak ziren ekoizleak, profesionalki ez ziren hortara jarduten, baina dezente ekoizten zutenez, horri irteera bat emateko eta herrian bertan kontsumitzeko asmoarekin abiatu zen astero otarren ereduarekin», kontatu du Zuriarrainek.

Gabezia batzuk medio, 2018an Bertako elikagaiak izeneko Whatsapp taldea sortu zuten. «Ekoizleek produktuak eskaini eta interesatuek mezu pribatu bidez erosten zituzten. Dinamika funtzionatzen hasi zen baina gerora taldea gehiegi zabaldu zela eta indarra galdu zuela ikusi genuen, taldeak ehun kide inguru baitzituen», esan du alkateak.

Beharra zegoela ikusita, ekoizleekin lanketa bat egin zuten egoera aztertzeko eta herritarren artean galdetegia abiatu zuten. Bertan, armairu sistema jartzeko aukera aurkeztu zela aipatu du alkateak, «80 bizilagunek parte hartu zuten galdetegia horretan eta gehiengoak erosotasun hori baloratu zuen, alegia, ekoizlearekin harremanetan jarri eta produktuak nonbaiten utzita bertatik hartzea, herritarrek posible duten orduan».

Nola erabili

Sistema berriari helduta, 40 kutxatila ezarriko ditu Berastegiko Udalak, Kale Nagusitik aparkalekura bitartean. Interesa duten herritarrek udaletxean eman beharko dute izena inprimakiaren bitartez. Hori beteta, herritar bakoitzari esleitu zaion kutxatilaren giltza emango zaio. «40 herritar baino gehiagok izena ematen badute, kutxatila partekatu beharko litzateke. Hori nola antolatu ikusiko genuke aurrerago», esan du alkateak.

Informazio panelak ere ezarriko dituzte bertan, sistema berriaren funtzionamenduaren nondik norakoak zehaztuz. Horrez gain, Whatsapp talde berri bat ere sortuko da kutxatilen erabiltzaileekin soilik. Xabi Saralegi udal gobernu taldeko kideak kudeatuko duela jakinarazi du alkateak. Hain zuzen, astelehenetan jarriko da ekoizleekin harremanetan zein produktu dituzten jakiteko, eta, ondoren, egun horretan bertan Whatsapp taldean eta panelean aste horretako produktuen eskaintzaren berri emango du. Asteko eskaera astelehenetan edo asteartetan egin beharko dute erabiltzaileek.
«Ondoren, erabiltzaile bakoitza ekoizlearekin jarri beharko du harremanetan produktuak zein kutxatiletan eta ordutan utzi behar dituzten zehazteko eta nola ordaindu beharko duten jakiteko», gehitu du Zuriarrainek.

Bertakoa kontsumituz

Armairu sistemak herriko ekoizle eta herritarren artean bidea erraztu nahi du, «bertakoa erosteko erosotasuna ahalbideratuz». Horregatik, Berastegiko ekoizleez gain, sistema berrian herriko komertzioek eta harategiak ere parte hartuko dutela jakinarazi du Zuriarrainek.

«Herriko ekoizleei eman nahi zaie lehentasuna, baina herrian badugu Ondarruko arrantzaleari bere produktuak erosteko ohitura. Orain bolada batean ez da etorri, baina urtean zehar maiz etortzen da eta hura etortzen denean bere produktuak bertan uzteko beste bide bat badela uste dugu». Takilek ez dute hozkailurik baina bertan hozteko poltsak jartzeko aukera dagoela ere gehitu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!