Kultur asteari gaur emango diote hasiera Berastegin

Ataria 2023ko urr. 26a, 17:00

Gaurtik hasita azaroaren 5a bitartean, egitarau zabala prestatu dute Berastegin; azken egunean azoka berezia eta lehiaketak izango dituzte.

Hemen dute Kultur Astea berastegiarrek. Ohiko moduan, bi aste iraungo ditu egitarauak eta gaur abiatuko da. Auzolangintza ikus-entzunezkoa izango dute ikusgai 19:00etan, udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Ondoren, solasaldia egingo dute Kaxoia dokumental egileekin eta Tolomendiko kideekin batera.

Gainerakoan, aurten ere egitarau oparoa antolatzen saiatu direla adierazi du Garazi Otxandorena Kultura teknikariak haur, gazte eta helduei begira: «Urtero bezala denetik sartzen saiatu gara, ikastaroak, musika, ipuin kontaketak, dastaketak, ikus-entzunezkoak eta hitzaldiak, besteak beste. Urtero formatu bera izaten da baina ekitaldiak berdinak ez izateko ekitaldiak aldatu egiten dira».

Eta, betiko moduan, azoka egunarekin borobilduko dute Kultur Asteko azken eguna. 27 postuk osatuko dute aurtengo azoka; 16 postu izango dira herritarrenak eta gainontzekoak ingurutik etorritako baserritar eta artisauek osatuko dute. Goizean zehar, ganadua, herriko produktuak, inguruko artisauak, eta beste hamaika aukera ikusteko eta erosteko aukera izango da, eta azokaz gain, gazta lehiaketa, sagar tarta lehiaketa, postu lehiaketa edota ahari, ardi eta bildots lehiaketa egingo dira. Era berean, Kultur Asteak irauten duen bitartean, argazki rallyko argazkiak ikusgai izango dira udaletxean eta berastegi.eus webgunean, eta irabazleak nortzuk diren azoka egunean ere jakinaraziko dira.

Kultur Astean parte hartzeko gonbita zabaldu du teknikariak: «Urtero bezala, herrian bertan horrelako aukera edukita eskertzekoa dela uste dut, eta aurten antolatu ditugun ekintza guztietan parte hartzera animatu nahi ditut herritarrak, horietaz ahalik eta gehien disfrutatzeko».

Egitaraua

Urriak 26, osteguna

  • 19.00. 'Auzolangintza' ikus-entzunezkoa eta solasaldia Kaxoia dokumental-egileen eta Tolomendiko kideen eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Urriak 27, ostirala

  • 16.00. Txokolatada Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
  • 16.30. 'Industriaren herri kirolak' parkea Kulkiren eskutik, eskola atarian.
  • 16.00. Txokolate dastaketa Rafa Gorrotxategiren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan (Pare hartzeko izena eman behar da urriaren 26a baino lehen: udal-bulegoetan edo 688 68 19 52 zenbakira idatziz).

Urriak 28, larunbata

  • 09.30. Sendabelarrekin ukenduak, olioak eta alkoholak egiten ikasteko ikastaria Pili Otaegiren eskutik, Urepele elkartean.
  • 15.00. Mus txapelketa herrikoia, Ategin.
  • 18.00. Ipuin kontaketa Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariaren eskutik, udaletxeko ganbaran.
  • 19.00. Pintxo-potea.
  • 00.00. Musika iluntzea 3ttu erromeri taldearen eskutik, Urepele elkartean.

Urriak 29, igandea

  • 19.00. Musika emanaldia Jaione Olazabal eta bere familiaren eskutik, udaletxeko ganbaran.

Azaroak 1, asteazkena

  • 09.30. Berastegi eta inguruetako txoko kuttunak ezagutuz: San Sebastian ermitara ibilaldia eta barrutik ezagutzeko aukera.

Azaroak 2, osteguna

  • 18.30. 'Etorkizuna prestatzeko tresna juridikoak: aldez aurreko borondateak, botere prebentiboak' hitzaldia. Hurkoako Andikona Uriarteren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 3, ostirala

  • 10.00. 'Gure hitzak' ekimenaren barruan, Gaztelekuko gazteek margoketa lanak egingo dituzte Galtzaundi euskara taldearen laguntzarekin.
  • 16.00. Merienda guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
  • 16.30. Herri jolasak guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
  • 19.00. 'Zanskar, aztarna berrien bila' ikus-entzunezkoa eta solasaldia Joseba Iztuetaren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 4, larunbata

  • 17.00. 'Munduari itzulia 80 egunetan' antzerkia haur eta gazteentzat, Eriz Alberdiren eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.
  • 19.00. 'Erdaldun berrien kluba' bakarrizketa Olatz Pagaldayen eskutik, udaletxeko erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 5, igandea

  • Goizean zehar. Azoka eta tartean herriko eta herritarren produktuak eskuragai. Horretaz gain, Gazta Lehiaketa; Sagar tarta Lehiaketa; Postu Lehiaketa; Ahari, ardi eta bildots lehiaketa; animalia ezberdinen erakusketa eta Rally-ko argazkien erakusketa.
  • 13.30. Sari banaketa.
  • 18.00. Talo jatea Zubietako talogileen eskutik, eta sagar tarta dastaketa, freskagarri, ardo eta sagardoak lagunduta. Tartean. Erromeria Sara Iriarte eta Ane Etxezarretarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!