«Herritarren parte hartzea bultzatzen jarraituko dugu»

Leyre Carrasco 2023ko urr. 19a, 07:58

Lanpetuta badabil ere, «pozik» dagoela adierazi du Andoni Zuriarrainek; proiektu ugari egin asmo dituzte , «herritarrekin elkarlanean».

Amasarra izanik, duela hamasei urte iritsi zen Berastegira Andoni Zuriarrain (Amasa-Villabona, 1975). Udal gobernuan esperientzia du, 2019-2023ko legealdian zinegotzi izan baitzen. Orain aginte makila hartzea erabaki du, airean geratu zaizkien zenbait proiektu gauzatzeko asmoz.

Azken bi agintaldietan Amaia Azkuek jardun du alkate moduan, eta orain zuk hartu duzu lekukoa. Zer dela eta animatu zinen alkatetzara?  

Nere asmoa zinegotzi bezala jarraitzea zen, izan ere, lau urte nahiko motzak geratu zaizkit, eta gehien aritu naizen lehen sektoreko zenbait proiekturi beste forma bat emateko asmoa nuen. Bestetik, Amaia bezalako erreferente baten babesa izatea garrantzitsua izan zait. Hasiera batean ez nuen inolako asmorik, baina Amaiak proposamena egin zidan. Ez zen erabaki erraza izan, baina buelta asko eman eta gero, erronkari heltzea erabaki nuen. Herriaren babesa ere izatea garrantzitsua izan da, eta gure komunitatearen babesa nuela ikusita aurrera egitea erabaki nuen.

Hilabete batzuk daramatzazu alkatetzan. Zer moduz hasi zara?

Lanpetuta, baina ondo. Lau urtez hemen egon izanak asko lagundu dit, eta Amaiaren ondoan egotea ere lagungarri egin zait eta laguntzen ari zait. Hala ere, desberdintasuna handia da. Izan ere, oso desberdina da inguruan egotea edo gaiari guztiz heltzea. Dena ikasi behar duzu, asko galdetu eta iritzi guztiak kontuan hartu behar dituzu, besteak beste. Pixkana martxa hartzen, eta ia ustez martxa hartuta.

Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?

Emaitza oso positiboa izan zen. Azken hiru legealditan egin dugun lana ikaragarria izan da, beti azpimarratu izan dut eta beti azpimarratuko dut hori, eta espero dut horrela jarraitzea edo asmo hori dugu behintzat. Emaitza ona lortzea espero genuen,  baina kezka ere bagenuen. Azkenean, ez genekien herritarrek nola hartuko zuten alkatearen aldaketa, baina pozik hartu dutela ikusi dugu. Gainera, zinegotzi bat gehiago lortu dugu. Hori ere gure helburuetako bat zen eta lortu dugu. Beraz, emaitza oso positiboa izan da, kontuan harturik parte hartzea %70 inguru izan dela, hau da, 616 bozkatik 454 bozka lortu ditugu.

Zazpi kide ditu EH Bilduk eta bi EAJk. Zer nolako harremana nahiko zenuke agintaldi honetan oposizioarekin?

Harreman gardena nahi dugu, eta herritarren ekarpenak kontuan hartzen ditugun bezalaxe, oposizioaren ekarpen guztiak ere kontuan hartzeko beti prest egongo gara. Momentuz bide onetik goaz. 

Zein proiektu landu nahi dituzue agintaldi honetan?

Asko landu nahi ditugu. Herri programan azaltzen diren proiektuak betegarriak direlako jarri genituen, baina esan beharra dut gero agian ez garela denak egitera iritsiko, arrazoi ezberdinak medio. Hala ere, bi proiektu nagusi ditugu eta tartean sortzen diren beste gauza asko ere lantzen joango gara. Proiektu nagusi moduan, batetik, eskolaren eraberritzea eta eskola eta pilotalekuaren arteko kirol instalazioak eraberritzea dugu. Garbi dago hori faseka egin beharko dugula. Diru laguntzak lortzeko lanean gabiltza, eta herritarren iritzia ere kontuan hartuko dugu zein motatako gunea eraiki nahi duten jakiteko. Bestetik, Zubizabaleta eraikineko bigarren faseari eutsi eta beheko solairuan eraldaketa zentro bat eraiki nahi dugu. Sukalde industrial bat eraikitzeko ideia dugu, asmo desberdinekin. Esaterako, eskolako jangela balitz bezala erabiltzeko asmoa dugu, baina hor Eusko Jaurlaritzarekin beste lanketa batzuk egin beharko genituzke eta ez da erronka makala. Hala ere, ideia hori lantzeko asmoarekin gaude.

Herriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko zenbait proiektu ere martxan dituzue. Noiz aurreikusten dituzue amaitzea? 

Une honetan bi obra ditugu martxan. Lehena, herritarrak bere garaian eskatutakoa da eta guk Gipuzkoako Foru Aldundiari helarazitakoa. Erantzun oso ona jaso genuen. Pandemiagatik, zoritxarrez, luzatu egin dira, baina duela gutxi hasi ziren eta abenduan bukatzea aurreikusten dugu. Bigarren obra, berriz, GI-2130 errepidekoa da eta hori urri bukaeran amaitzeko asmoa bazen ere, azkenean azaroan amaitzea espero dugu, ezusteko batzuk azaldu baitira.

Beste proiekturen bat duzue esku artean?

Proiektu asko ditugu oso garrantzitsuak direnak eta hasieran aipatu ditudan bi proiektu potolo horiek baino egingarriagoak direnak. Batetik, autokarabana gunea egin nahiko genuke. Proiektua prestatzen ari gara eta hori datorren urterako sartu nahiko genuke. Bestetik, une honetan, Ategiko etxebizitzen bigarren fasearekin gabiltza lanean, eta giltzak emateko puntuan gaude orain. Etxebizitzak egin nahi heinean aparkalekuen beharra gehitzen joango dela konturatu gara, eta gune horren ondoan udal terreno bat dagoenez, bertan aparkalekuak egiteko proiektua prestatu nahiko genuke epe motzera. Horrez gain, beste proiektu garrantzitsu bat ere badugu, eta hori legealdi honetan osatzen ez badugu, aurrerago egiteko asmoa dugu. Izan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu herriko muga guztiak digitalki markatzea. Hori gauzatu ahal izateko diru kopurua handia beharko dugu eta horretarako aurrekontuak eskatzen ari gara, beraz, faseka egin beharko dugu.

Eta, martxan dituzuen proiektuei ere jarraipena emateko asmoarekin jarraitzen duzue, ezta?

Noski; hor ere aipatzeko pare bat proiektu daude. Esaterako, Gorosmendiko larre komunalen proiektuarekin jarraituko dugu eta aldiroko beharretan eragingo dugu. Eremua zabaltze aldera eta ura ziurtatze aldera ezinbesteko ekarpena da. Horrekin lotuta, baso kudeaketan herritarrentzako onena den ereduarekin ere jarraituko dugu. Bestetik, Ategiko eraikineko bi solairu isolatzeko lanak egingo ditugu datorren urtean. Proiektuarekin lanean ari gara jada eta diru laguntza bat ere lortu dugu. Bertan aurkitzen diren Gaztainondo jubilatuen elkarteko erabiltzaileen eta bertako etxebizitzetan bizi diren bizilagunen ongizatea kontuan izango dugu, eta, era berean, ostatuko jangela handitzeko aukera emango digu.

Herri giroa sustatzen jarraitzeko zer egitasmo duzue?

Martxoan antolatu genuen Be! artzain kultura asteburuarekin herritarren parte hartzea ikaragarria izan zela frogatu zen. Auzolana baxu dabilen garai honetan, Berastegin auzolan bikaina egin zen eta ikusi zen herri honetan badagoela auzolanerako prestutasun bat. Asteburu horrek begi bistan utzi zuen hori. Horregatik, asteburu hori mantentzeko asmoa dugu. Hori bezala antolatzen den edozein ekitaldi, programa edo festa izan, herritarren parte hartzea bultzatzen dugu eta bultzatzen jarraituko dugu. Herritar guztiei entzuteko prest egongo gara. Edozein erabaki edo ekitalditan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da gu bezalako herri batentzat.

Zein da zuen kezka nagusia?

Ez daukagu kezka berezirik. Gure asmoa herritarrekin lanean jarraitzea da, eta lehen esan dizudan moduan, denei entzun eta bide horretatik joateko asmoa dugu, herritarrekin elkarlanean, beraien beharrak asez.

Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?

Ezinbestekoa. Tolosaldea Garatzen eta Tolomendi bezalako beste erakunde asko oso garrantzitsuak zaizkigu. Izan ere, Tolosaldea Garatzenekin langileren bat partekatzen dugu, baita Tolomendirekin informatikaria ere, eta horrek asko ematen digu. Horrez gain, eskualde mailan mankomunitatean lantzen diren proiektuak lagungarriak dira gu bezalako herri txiki batentzat.

Zein mezu zabalduko zenuke berastegiarren artean?

Edozein gauza dela ere gurekin harremanetan jartzeko, edozein zalantza, kezka edota proposamen dutela ere. Bulegoko ateak denentzat daude irekita, eta garbi esango dut udal talde bikain bat dugula. Udal gobernua lanerako gogo handiarekin dago, talde bizia eta arduratsua da. Entzuteko prest gaude eta egiten dizkiguten proposamen guztiak aztertuko ditugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!