«Nondik gatozen eta nora goazen»

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 21a, 20:00

Nextor Otaño artistak irudi bat margotu du Berastegin, uda honetan, Marijo Lopetegi eta Santi Mendikuteren etxeko horma batean. 

Azken boladan, herriz herri dabil Nextor Otaño artista gaztea horma irudiak margotzen. Uda honetan, Berastegin ere izan da, Marijo Lopetegi eta Santi Mendikuteren eskariz, hamalau metro luzeran eta zazpi altueran dituen horma bat margotzen. 

Bururatu eta egin. Urte askoan bizi izan da Mendikute Gaistezen, eta hango horma irudiak gustatuta animatu da Berastegin ere halako zerbait egitera. «Berastegira bizitzera etorri nintzen eta horma hori hain txukun, hain garbi ikusita, zerbait egin zitekeela ikusi nuen», kontatu du.

Errepidetik esku-eskura dagoen horma zatia da, eta bikoteak esan duenez, ez du inoiz inork pintadarik egin, «ez pintada politikorik, ez aldarrikatzailerik». Hori ikusita bururatu zitzaien zerbait egin zitekeela, bazekitelako gerora ere inork ez duela izorratuko: «Horma zuri hori polita jarri behar genuela erabaki genuen».

Pasa da denbora ordutik, baina noizbait horma zatia koloreztatuta ikusteko nahia ez zaio itzali Mendikuteri. «Buruan izan dut beti, baina ez zait horrelako lanen bat egin zezakeen inor parean tokatu». Iaz, Tolosara bidean, Ibarra eta Tolosa artean dagoen autobide azpian Nestor Otaño artistarekin egin zuten topo, eta egiten ari zen lana ikusita, artista egokia izan zitekeela iruditu zitzaien. «Harremanetan jarri ginen eta horma ikustera etorri zen Berastegira; guk buruan genuen ideia azaldu genion eta bera arduratu zen bozetoa egiteaz».

Buruan irudi zehatzik ez, baina irudiak izan behar zituen zenbait osagarri zehaztuta zituzten ordurako, baita irudiarekin transmititu nahi zutena ere: «Argi nuen irudiak ez zuela politikarekin zerikusirik izan behar, denbora luzean iraun dezan nahi nuelako. Hiru elementu sartzea nahi nuen: arrano beltza, eguzki lore bat eta lauburua; Euskal Herriarekin zerikusia duten elementuak dira».

Otañok gogoko du aurpegiak eta pertsonak marraztea eta bere ideia izan zen emakume baten irudia egitearena. «Ekainean bidali zigun bozetoa eta izugarri gustatu zitzaigun». Ordurako udalean horma irudia egiteko baimena eskatuta zuten, eta alkateari irudia erakutsita oniritzia jasotzean, pintatzeko lanak hasi zituzten uztailean.

Hamaika egunetan aritu da lanean artista. «Herriko festetarako bukatu zezan eskatu genion eta halaxe izan zen, uztaila amaitzerako amaituta zituen lanak». Ametsa beteta, «pozik» geratu da bikotea. «Herri erdian dagoen eremu bat izanda, herritar asko pasatzen da bertatik eta jendea begira geratzen da, galdetu egiten du eta argazkiak ere ateratzen dizkie; ederra da hori».

Irudia izanagatik, badu izena lanak: Kultura, herriaren bidea. Bide hori irudikatu nahi izan dute: «Nondik gatozen eta nora goazen azaldu nahi izan dugu; batetik, alde tradizionala, zaharra ageri da, belaunaldi berrien etorkizunaren aurrean, emakumea Muñagorri ikastetxea seinalatzen ari baita».

Etxe barrutik ez da ikusten horma irudia, herrira begira dagoelako. «Nahi dugulako egin dugu, hor dago kokatuta, edonorentzat; azken batean, herriko txoko bat da eta bereziki guretzat, baina baita herriarentzat ere egin nahi izan dugun ekarpena izan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!