Astotrek enpresak, izena bertan eman ahalko da, eta Berastegiko jarduneko udalak herria eta herritarrak ezagutarazteko ekimen berria aurkeztu dute. Astoak lagun, hiru ibilbide egiteko aukera egongo da Berastegitik barrena. «Bertako paisaia eta bertako produktuak balioan jarri nahi ditugu; jakintza bat transmititu nahi dugu», azaldu du Amaia Azkue jarduneko alkateak, eta horretarako, ekimen berri hori «oso aproposa» dela gaineratu du. Azkuek jakinarazi duenez, edozein bisitarirentzat zabalik dagoen ekimena da; «baina ilusio berezia egingo lidake herriko zein eskualdeko jendea gerturatzeak».
'Berastegi, herri kuttuna'
Amaia Azkueren esanetan, tokiko garapena bultzatzeko konpromisoari erantzuten dio gaur aurkeztu duten ekimenak. «Badira urte batzuk Berastegi, herri kuttuna marka sortu genuela. Ez genuen marka huts bat nahi, baizik eta eragin egingo zuena». Horrela sortu ziren artzaintzari buruzko lan antropologikoa, artzain mahaia, Be! liburua edota martxoa hasieran ospatu zuten artzain asteburua. Astoekin egiteko ibilbidearen ideia asteburu horretatik sortu zela esan du Azkuek: «Hiru ibilbide Berastegi hobeto ezagutzeko, hiru ibilbide artzain kulturan barneratzeko».
Jarduneko alkatearen esanetan saretze prozesu bat dago guztiaren atzean, eta gauzak ondo eginez gero, herritarrek, artzainek, turismo enpresek nahiz udalak badute zer irabazia.
Saretze horren adibidea izan da gaurko aurkezpen ekitaldia. Prentsaren aurrean jarri aurretik, astoekin ibilaldi horietako bat egin dute eragile desberdinetako ordezkariek. Bertan izan dira, besteak beste, Amaia Azkue jarduneko alkatea, Brian Cullen Tolosaldea Garatzeneko Turismo bulegoko teknikaria, Astotrek enpresako kideak edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko Leyre Alecha.
Hiru ibilbideak:
- Mendiko artzain bordara ibilaldia astoekin: Mendiko artzaintza eta artzain kulturaren barneratzea. Berastegiko herria mendi aldetik gurutzatuko da, tarteka geldialditxoak eginez azalpenak entzuteko eta mendiko borda batean amaitzeko. Bertan, borda baten funtzionamendua ezagutu eta gazta dastaketa egingo da. Gazpio artzainaren bi gazta mota dastatuko dira: naturala eta ketua. Bide guztian zehar astoen laguntza izango da. Astoak sokatik eman daitezke, haiekin harremana sortuaz, eta haurren kasuan, denbora tarte batean, gainean ere joan daitezke. Berastegiko plazatik abiatu, eta bidean zehar, 6 geldialdi egingo dira. Azalpenak emateko momentuak izango dira, 5 minutu baina gutxiagokoak. Deskantsua hartzeaz gain, artzain kulturaren inguruan ikasteko parada izango da.
- Gaztandegira bisita belazeetatik barrena astoekin: Bi atal ditu ibilaldiak. Batetik, Berastegiko belazeen erdigunetik pasako da, astoekin. Bestetik, Gazpio artegia eta gaztandegia ezagutuko dira, bere gazten dastaketarekin amaituz: naturala, ketua eta gaztanbera. Paisaia ulertu eta artzainen mundura hurbiltzeaz gain, artzain baten gaur egungo errealitatea ezagutuko da. Berastegiko plazan bildu eta herria zeharkatuko dira. Hiru geldialdi izango ditu, azalpen laburrak jasotzeko. Gero, Gazpio gaztandegira joan eta ezagutzeko aukera egongo da. Bertan denbora bat egin ostean, herriko plazan amaituko da ibilbidea.
- Artzain kultura: mendiko bordak eta gaztandegira astoekin: Mendiko artzain bordara ibilaldia, belazeetatik barrena eta gaztandegira bisita astoekin uztartzen dituen egun erdiko esperientzia. Esperientzia osatua da, artzain kultura bere osotasunean ulertzeko aproposa. Berastegiko plazatik abiatu eta bidean zehar geldialditxoak egingo dira, artzain kultura hobeto ezagutzeko. Mendiko borda baten funtzionamendua barnetik ezagutzeko aukera egongo da, baita Gazpio artegiarena eta gaztandegiarena ere. Gazta dastaketa, ibilbide honetan, ondorengoa izango da: Mendiko bordan 2 gazta zati dastatuko dira urarekin. Artegian aldiz, Gazpio artzainaren hiru gazta mota dastatuko dira: naturala, ketua eta gaztanbera.