Giro ederrarekin ari dira Berastegin Euskal Jaia ospatzen

Ataria 2023ko maiatzaren 27a

Eguerdian VII. Pintxo lehiaketako, VI. Mikroipuin lehiaketako eta I. Komiki lehiaketako sariak banatu dituzte plazan.

Euskal Jaia ospatzen ari dira gaur Berastegin. Goizean pintxo onenaren lehiaketa egin dute herriko plazan. Zazpigarren urtez jarraian egin dute eta 11:30 aldera hasi dira parte hartzaileak pintxoak prestatzen. Behin lanak amaituta lehian izan diren pintxoak dastatzen aritu dira herritarrak. Aurten ogi gainean sagar egosia, odolki arroza, tipula karamelizatua eta tomate marmelada zeraman pintxoak irabazi du sari nagusia. Elixabet Azpiroz, Maite Amondarain, Tere Malkorrak eta Ixiar Zubillagak prestatu dute eta haiek jaso dute saria eguerdian.

Ez da banatu den sari bakarra izan. Aurten VI. Mikroipuin lehiaketan parte hartu dutenentzako ere banatu dituzte sariak. Hauek izan dira irabazleak kategoria ezberdinetan:

  • A kategorian
    • Lehen saria: Lorea Alonso Ikusezinak ipuinagatik.
    • Bigarren saria: Maialen Azpiroz Nerabezaroa ipuinagatik.
  • B kategorian
    • Lehen saria: Joseba Arrieta Lurreratzea ipuinagatik.
    • Bigarren saria: Ibai Esnaola Kezkak ipuinagatik.

Lehen aldiz komiki lehiaketa ere egin dute aurten Berastegin eta Euskal Jaian banatu dituzte sariak:

  • A kategorian (LH)
    • Lehen saria: Munduaren akabera ote? lanagatik Laria Otegirentzat.
    • Bigarren saria: Ardia salbatzen lanagatik Izargi Azpirozentzat.
  • B kategorian (DBH)
    • Lehen saria: Inuxente komikiagatik Ikenna Ezeidigorentzat.

Behin pintxo dastaketa eta sari banaketaren ondoren plazan bertan bildu dira bazkaritarako. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 100 lagun inguruk eman dute izena herri bazkarian. Norberak eramanda, Urepele elkarteak jarri ditu ogia, edaria eta kafea.

Arratsaldean jolasak euskal jolasak egingo dituzte 16:00etatik aurrera eta Elizagoien ahizpekin erromeria egingo dute 17:00etan hasita. Iluntzean luntxa izango da Urepele elkartean Euskal Jaiarekin jarraitu nahi dutenentzat.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!