Euskal Jaia ospatuko dute larunbatean Berastegin

Ataria 2023ko maiatzaren 24a

VII. Pintxo lehiaketarekin hasiko dute eguna, eta herri bazkariaren ostean, jolasak eta erromeria izango dituzte.

Larunbatean egun osoko festa antolatu dute Berastegin. Euskal Jaia egingo dute, beste urte batez, eta euskal jantziak janzteko deia egin dute antolatzaileek.  

Aurten ere, pintxo onena nork prestatu lehia egingo dute goizean. Zazpigarren urtez jarraian egingo da pintxo lehiaketa, eta 11:30ean hasiko dira parte hartzaileak pintxoak prestatzen. 13:00etan, pintxo dastaketa izango da, eta ondoren, VI. Mikroipuin lehiaketaren eta I. Komiki lehiaketaren sari banaketak egingo dira.

Herri bazkariarekin jarraituko dute festan. Bazkaria norberak eraman beharko du, eta ogia, edaria eta kafea Urepele elkarteak jarriko ditu. Horren ondoren, 16:00etan, euskal jolasak egingo dituzte, eta 17:00etan, erromeria izango da, Elizagoien ahizpen eskutik. Festan jarraitu nahi duenak Urepele elkartean izango du aukera, luntxa jarriko baitute iluntzean. 

Bezperan, pintxo potea

Asteburu betea datorkie berastegiarrei. Ostiral honetan, pintxo potea egingo baitute, herriko tabernetan, 19:30etik aurrera.   

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!