ELKARRIZKETA

«Botila bat ikusi, eta neure buruak figura bat irudikatzen du segituan»

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 28a, 07:59
Maria Teresa Martinez artista, Berastegiko udaletxeko ganbaran maiatza erdialduan jarri zuen erakusketan. I.S.A.

Erretiroa hartzearekin batera, hasi zen figurak egiten Maria Teresa Martinez (Ordizia, 1946). Berastegin duen etxean du tailerra, eta han pasatzen ditu orduak eta orduak txotxongiloak eta erraldoiak egiten. Maiatza erdialdean, Berastegiko udaletxeko ganbaran ikusgai izan dira bere lanak.

Irudimena erabiliz, gehienbat txotxongilo eta erraldoiak egiten ditu, eta birziklatutako materiala erabiltzen du osagarrietarako; hemendik aurrera, figura txikiagoak egitera mugatu nahiko luke bere afizioa.

Zein harreman duzu txotxongiloen eta erraldoien munduarekin?

Artea betidanik gustatu izan zait. Erakusketa asko ikusi ditu nire bizitzan, bidaiak ere egin ditugu erakusketa ezberdinak ikusteko. Asko disfrutatu dut. Eskulanak egiten edota pintatzen ere ibilitakoa naiz, eta egur gainean ere pintatu izan dut. Erretiroa hartu nuenean, ordea, denbora libre asko nuen, egunak ordu asko dituelako, eta figurak egiten hastea pentsatu nuen. Txotxongilo txikiak egiten hasi nintzen, eta hortik tamaina handiagokoak egiten, erraldoiak egitera iritsi arte. Asko gustatzen zait egiten dudana, asko maite dut lan hau; ez da nire ogibidea izan, baina nire hobbya da. Ordu asko sartzen ditut.



Non ikasi duzu figura horiek egiten?

Egin ahala ikasten joan naiz, autodidakta naizela esan dezaket. Irudimena erabiltzen dut, eta hortik joaten naiz pertsonaiak sortzen. Esaterako, lagun batek, behin, txaketa gorri bat ekarri eta ea aprobetxatu nahi ote nuen galdetu zidan. Hura ikustean, ertzain bat egiteko modukoa izan zitekeela iruditu zitzaidan, eta hala egin nuen, ertzain erraldoi bat. Pailazoak ere asko gustatzen zaizkit, zerbait ona, poza transmititzen didatelako. Sorginak ere atsegin ditut, eta adibidez, Donostian neronek kaldereroz janzteko erabiltzen nuen gonarekin egin dut erraldoi bat.



Materiala birziklatzen duzu?

Bai, guztia birziklatzen dut. Erabiltzen dudan material guztia da birziklatua: papera, larrua, telak... basuretara zihoazen gauzak dira, eta nik beste erabilera bat ematen diet, bigarren bizitza bat.

Txotxongilo eta erraldoien buruetarako papera erabiltzen duzu?

Bai, agian, oinarrian plastikozko zerbait izan dezake, baina, kapaz kapa, paperarekin estaltzen joaten naiz. Egunkarietako papera erabiltzen dut horretarako. Lehenik egunkaria irakurtzen dut, eta behin irakurrita, txotxongiloak egiteko jasotzen ditut. Horrelako lanak egiteko paperik egokiena da, hezetasuna ondo hartzen duelako, ondo bustitzen da eta forma erraz hartzen du. Material onena da.



Bakoitzari, gero, paperarekin ematen dizkiozu espresio eta ezaugarri ezberdinak.

Guztiak desberdinak ateratzen dira. Zenbaitetan, bikoteak edo familiak egiten ditut, eta antza izaten dute, baina denak dira desberdinak.

Erraldoien kasuan, barruko egitura ere egin beharko da.

Bai, etxean egiten ditut. Egur zatiak erosi eta erraz egiten da estruktura. Gainera, nik egiten ditudanak ez dira kalejiretan ibiltzen dien tamainakoak, kalean ibiltzen direnak industrialagoak dira, eta nik egindakoak gehiago dira barruan egoteko, suabe zaintzeko. 2,30 metroko altuera artekoak egiten ditut; berez, nahiko altuak dira, eta mugitzeko baldarrak geratzen dira.



Erraldoien jantziak ere handiak beharko dituzu.

Bai, eskerrak senarra eta biok nahiko altuak garen [Barreak]. Prendaren bat pixka bat estu geratzen bada, kostura ireki eta tela zatiren bat sartzen diet eta ederki geratzen dira. Josi behar bada neuk josten dut, eta eskuz gainera. Makina bat badaukat, baina Donostian, eta hara eta hona ez mugitzeagatik, eskuz aritzen naiz.

Non egiten dituzu figurak?

Berastegin daukagun etxean daukat tailerra muntatuta. Bertan daukat material guztia, eta gauzei bigarren bizitza emateko, lehenik jaso egiten ditut. Agian, norbaitek plastikozko botila bat zuzenean zakarretara botako du, baina nik botila ikusi eta neure buruak figura bat irudikatzen du segituan. Burua martxan jartzen zait eta ideia ezberdinak etortzen zaizkit. Erraldoi batek, esaterako, tokilla moduan aterki baten tela dauka, hagaxkak kenduta.

Behin figura eginda, margotu ere egiten dituzu.

Bai, eta margotzean espresioa markatzea ere eskatzen du. Nik ez dut edertasuna bilatzen, espresio sinpatikoa bilatzen dut, garrantzitsuena espresioa duten figurak egitea da. Eta uste dut nahiko begitarte bizikoak direla, gainera, ia denak barrez daude, positibotasun hori transmititzen dute. Pentsa, etxean izaten ditut guztiak eta serio, triste edo haserre baleude, beldurra emango lukete. Koinatu batek, etxera etortzean, hala esaten dit: «Gustua ematen du etxe honetara etortzeak, denak irribarrez izaten ditugu zain beti».

Zein pintura erabiltzen duzu?

Akrilikoarekin aritzen naiz. Daukadan adinarekin kontuz ibili beharra dago, zenbait produktu kimikoak izan daitezkeelako. Kolorea sartzen ahalegintzen naiz, biziak izaten, umoretsuak.



Batzuetan, bikoteak, familiak osatu dituzu. Eta istorio bat oinarri hartuta ere talde bat osatu duzu.

Bai, Isabel Altuna tolosarrak idatzitako ipuin baten harira sortu ditut pertsonaiak. Gaia da haurrei nola kontatu haurren minbizia. Pertsonaiak eraiki ditut, istorio hori oinarri hartuta. Gaixo dagoen haur bat egin nuen, buruan zapia duena; bere laguna eta haren amona ere bai eta bi osasun langile. Amona arduratzen da bilobari bere lagunaren kasua kontatzeaz. Istorio hunkigarria da, Kanikak du izena eta Youtuben dago ikusgai, euskaraz, erdaraz, katalanez eta galegoz.

Figura txikiak, handiagoak, oso handiak egiten dituzu. Zer da egitea gehien gustatzen zaizuna?

Lan gehien handiek eskatzen dute, eta nik uste laster handiak egiteari utziko diedala. Hemendik aurrera, txikietan gehiago zentratuko naiz. 30 erraldoi inguru dauzkat eginda, eta etxean ere jaso egin behar izaten dira eta leku asko okupatzen dute. Hemendik aurrera, dauzkadan ideiak txikian garatzen joan nahiko nuke.

Materialak birziklatuz, gortina modukoak edota tapizak ere egiten dituzu.



Bai, eskuekin lan egitea eskatzen duen edozer gustatzen zait egitea. Gortinak, esaterako, freskagarrien latak zati berdin eta txikietan moztuta egiten ditut, elkar josita, eta, tartean, ardo botilen goiko aldean kanpotik ekartzen duten plastikozko material hori ere erabiltzen dut. Horrekin erakusten dut edozein materialekin egin daitezkeela eskulanak.

Sortze horretan artista zara.

Gozamena da niretzat horrelako gauzak egin ahal izatea.

Berastegin maiatza erdialdean erakusketa jarri zenuen, egiten duzuna erakusteko.

Udaletxeko ganbaran jarri nituen lanak, eta ederra izan zen. Pare bat goizetan herriko eskolako haurrak etorri zitzaizkidan bisitan eta ederki pasa zuten. Figura txiki batzuk eta buruhandi pare bat oparitu dizkiet, eskolarako.

Erraldoi eta buruhandiak haurren kontua direla iruditu ohi da askotan.

Ez da beti haurrei begirakoa izaten. Jende helduak oso gustura ikusten eta entzuten ditu azalpenak, interesatzen zaio arte mota hau ere.

Inoiz eskatu izan dizute txotxongilorik antzezpenen baterako?

Donostiako abesbatza batean abesten dut, 1996tik. Gure kide bat antzerkiko irakaslea zen, eta antzerki batzuk egin genituen nire txotxongiloekin. Eskua sartuta ibiltzen diren horietakoak dira, mugimendua eman ahal zaienak, alegia.



Zenbat denbora pasatzen duzu tailerrean?

Ez nuke jakingo esaten, baina egunero aritzen naiz zertxobait egiten. Goizean goiz jaikitzen naiz eta tailerrera joaten naiz, bata eta bestea egiten aritzen naiz pare bat orduz edo, eta gero hasten dut eguna. Jendeak gimnasiora joaten dela esaten du, bada nik etxean egiten dut, figura hauek egiten. Bai fisikoa eta baita psikologikoa ere. Horrelako lanak egiten burua erabiltzen duzu, eskuak ere bai, pultsu ona izan behar da margotzeko adibidez... gimnasiora joatearen parekoa da.

 

«Jendea gimnasiora doa, baina nik etxean egiten dut, figura hauek egiten»



Ideia berriekin lanean jarraitzeko asmoa duzu aurrerantzean?

Horixe da asmoa eta nahia. Ideiak milaka ditut buruan, eta horiek figura bidez plasmatzen saiatuko naiz, badagoelako zer kontatua mundu honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!