Berastegiko EH Bilduk ostiral iluntzean aurkeztu zuen herri programa, herritarren aurrean. Zortzi urtez alkate izan den Amaia Azkuek hartu zuen lehenik hitza, Oria barrutiko EH Bilduren zerrendaburu den Laida Begiristainek ere hartu zuen parte ekitaldian, eta azkenik, lau urtez zinegotzi izan den eta alkatetzarako hautagaia den Andoni Zuriarrainek, datozen lau urteetarako dituzten proiektuen berri eman zuen.
Lana «arduraz eta eta ilusioz» egingo duten taldea osatu dutela esan zuen Zuriarrainek. «Sinesten dugun eta dagoeneko martxan dugun ereduari jarraipena emango diogu, herri dinamiketan esperientzia duten herritarrez osatutako taldea garelako; gaztetasuna nagusi den taldean, heldutasuna duena».
Datozen lau urteetan bi proiektu estrategikori heldu nahi die. Batetik, Zubizabaleta eraikinaren bigarren fasea gauzatuko dutela esan zuen alkategaiak. Erabilera anitzeko gela eraikiko dutela azaldu zuen lehen solairuan, «parte hartze prozesuan hala erabakita». Espazio horretan, sukalde industrial bat jarri nahi dute, «esate baterako, herrian ekoitzitako lehengaiak eraldatu eta merkaturatzeko, eskola jangela bertan jartzeko, sukalde lanak edota ontzi garbiketak egiteko erabilgarri izango da». Eta horrela, eraikina eraberritzeko prozesuari amaiera emango zaio.
Bestetik, eskola eta frontoi inguruaren eraberritzea landu nahi dute. «Herritarrekin batera erabakiko dugu zein erabilera emango diogun eremu berrituari eta nolakoa izango den».
Horrez gain, Ategiko eremura begira ere jarriko direla esan zuen Zuriarrainek, aparkalekuak gehituz edota oinezkoentzako bidea egokituz. Ategi ataritik pasatzen den errepidean, autoen joan-etorria mugatu nahi dute, atzetik bidea egokituz. Eta Ategiko etxebizitza eremuari dagokionez, hirugarren etxebizitza blokea eraiki dadin, beraien esku dagoena egingo dutela nabarmendu zuen alkategaiak.
Larre komunalen proiektuari, basogintzari, eskaintza turistikoari, Artzain Mahaiari, energiari, Artalekuko eremuari, euskarari, Eldua auzoari eta beste hainbat gairi begira ere lan egin nahi dutela aitortu zuten.