Berastegiko Herria Inguratuz mendi martxa egingo dute maiatzaren 21ean

Ataria 2023ko maiatzaren 11

7:00etan izango da irteera Berastegiko plazan eta 30 kilometroko ibilbidea osatuko dute; egunean bertan eman beharko da izena, 8 euroren truke.

Basurde Elkarteak antolatuta, XXVIII. Ibilaldi Neurtua izango da, eta gehienez 8 ordu izango dituzte parte hartzaileek ibilbidea osatzeko. Berastegiko plazatik abiatu eta Aiztun auzotik barrena, Lartera igoko dira parte hartzaileak. Gero, Bokete, Uli eta Ulizar igaroko dituzte. Ulizarrera igo ondoren, beherantz abiatu eta Urto-Plazaola aldera joango dira, bertatik Ipuliñora igotzeko. Azkenik, Gorosmenditik barrena, San Lorentzo ermita ikusiz mugara jaitsiko dira, ondoren Berastegira itzultzeko. Honakoa izango da ibilbidea: Berastegi, Erroizpe, Bokete, Ulizar, Plazaola, Ipuliño, Gorosmendi, San Lorenzo, Muga eta Berastegi.

Parte hartzen duten mendizale guztiek, ibilaldian zehar jarritako kontroletatik igaro beharko dute, derrigor; gainera, zenbait zerbitzu izango dira, hala nola, ura eta elikagaiak. Ibiltari bakoitzak sortutako hondakinak norberak eramango ditu. Ibilaldia amaitutakoan, babesleek eskainitako oparien zozketa egingo dute proba bukatzen dutenen artean.

Igande horretarako, Basurde Elkarteak eta Beasti Guraso Elkarteak beste txango bat antolatu dute: Berastegiko XXI. Mendi Ibilaldi Laburra. 9:00etan abiatuko dira plazatik eta 9 kilometroko luzera izango du ibilbideak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!