ELKARRIZKETA

«Lan luzeagoak egiteko gogoa piztu zait»

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 27a, 11:57

Unai Gaztelumendi Geuretik Sortuak bekarekin ari da Berastegiren eta Leitzaren artean. Bi herrien arteko «harremanaz edo harreman ezaz» gogoeta egin nahi du egunotan eta bidean sortuko zaizkion harietatik tiraka osatuko du komikia.

Muñagorri eskolan komikigintzaren inguruko argibideak eman ondoren eskolako umeek aspaldiko ezaguna balute bezala agurtzen dute Unai Gaztelumendi Arandia (Añorga, 1988). Berastegin eman duen astean, herritar gazte eta ez hain gazteekin harremanetan ibili da, sortuko duen komikirako zer suma.

Zer moduzko ongietorria egin dizute Berastegin?

Oso harrera ona egin didate, beso zabalik hartu naute. Ez da lanerako batere toki txarra.

Bi herrien arteko egonaldia izango da. Nola antolatu zara?

Lehenengo astea Berastegin eman dut. Aste honetan Leitzan nago eta geratu zaidan azkeneko astea, maiatzaren erdialdera egin nahi nuke, baina ez dakit oso ondo nola antolatu. Bi asteotan sortzen zaizkidan beharren arabera erabakiko dut.

Zein ibilbide egin duzu orain arte komikigile gisa?

Betidanik marraztu izan dut, ume-umetatik. Nire sorkuntza ibilbidea, publikoki behintzat, bertsotan egin dut gehienbat eta marraztu nire kasa marrazten nuen. Pixkana enkargu txikiak etortzen hasi zitzaizkidan, eta ez dakit zenbateraino kontziente eta zerbait nahigabeko izan den, baina nire ibilbidetxoa egiten joan naiz. Aurten apustua egin dut honetatik bizitzeko.

Eta zer moduz doakizu?

Ongi. Aurretik umore tirak eta tira grafikoak egin izan ditut prentsarako eta sare sozialetarako. Duela urte eta erdi, komiki luze bat atera nuen anaiaren gidoiarekin: Bidea da borroka. Beti hauspo azkarreko lanak egin izan ditut, jarrialdi batean egitekoak eta komiki horren ondotik, lan luzeagoak egiteko gogoa piztu zait. Denbora eskatzen duten lanetan sartzeko gogoa daukat.

Zure lanetan zenbateko presentzia dute karikaturek?

Bizitza osoan zehar, pertsonak eta karikaturak marraztu izan ditut. Ez bereziki hori egin nahi nuelako, baizik eta erraz ateratzen zitzaidalako. Karikaturak, dena den, baditu bere arriskuak. Esango nuke nire ibilbidea marrazkilari bezala karikaturetatik abiatu dela, baina orain beste zerbaiti begira nago. Nahiko nuke presentzia gutxiago har dezaten; pertsonen itxurak baino kontatzen dudan istorioak har dezala garrantzia.

Beti paperean aritu zara?

Landu izan ditut bestelakoak ere. Teknologia berriak gustatzen zaizkit, era xumean eta amateurrean egin ditut nire probatxoak. Hiru Damatxo kooperatiban diseinu lanen arduraduna izan naiz sei urtetan eta egin izan ditugu ikus-entzunezko lanak. Probatu izan dut. Uste dut nire lanetan nabarmena dela gaztetan ikusten genituen Pernando Amezketarra, Lazkao Txiki eta Txirritaren marrazki bizidunen eragina.

Zergatik eman duzu aurtengo deialdian izena?

Hasteko, ez dagoelako aukera handirik euskaraz sortzen dugun sortzaileentzako. Euskararen alde hitz polit asko esaten dira baina gero euskarazko sorkuntzari ez zaio batere biderik ematen. Ez da batere laguntzen. Udalbiltzako ekimen honetan parte hartzen duten udalerrien apustua eskertzekoa da. Geuretik Sortuak dagoen bekarik onenetakoa da, onena ez bada. Diru sari txukuna eskaintzen du eta egonaldia ere bai. Gero komikiak izango duen ibilbidea ikusita, uste dut heldu beharra niola. Nire egunerokoa honetara bideratu nahi badut, eta euskaraz sortzen segi nahi badut, honetan parte hartu behar nuela oso argi neukan.

Berastegi eta Leitza artean egingo duzun sormen egonaldian zertan jarriko duzu arreta?

Bekarako aurkeztutako proiektuan, egokituko zitzaidan herrian prozesu bat egitea planteatu nuen. Ingurunea ikusi, herriko mendietan ibili, argazkiak atera, jendearekin egon... Harreman horietatik tiraka atera nahi dut komiki proiektua. Hari muturrei heldu eta ea zer ateratzen den. Leitza eta Berastegik daukaten eta ez daukaten harremanari buruz hitz egin nahi nuke. Iruditzen zait azkeneko urteetan aldatuta dagoela harreman hori. Bat Tolosaldera gehiago begira dago eta bestea Iruñaldera. Administrazio diferenteetakoak izateak eragina izango du seguruenik. Oso oinarrizko ideiekin nabil baina horri buruz egin nahi dut gogoeta.

Pentsatuta al daukazu nola gauzatuko duzun komikia?

Oraindik hausnarrean ari naiz. Pertsonaia nagusiak ez dira egiazkoak izango, garbi daukat. Gehienak hutsetik sortuak izango dira. Lehenengo zirriborroak eginda dauzkat, eskuz. Baina komikia bera digitalki marraztuko dudala seguru xamar dakit, digitalki eta koloretan. Dena den, gogoetarako baliatu nahi dut egonaldia; patxadaz lan egitea gustatzen zait, eta irailera arteko epea dugunez lana entregatzeko, etxean pixkana komikia osatzen joango naiz.

Komikigintza boladan dagoela uste duzu?

Boladatxoa, esango nuke. Euskal Herrian komiki olatu bat badatorrela ikusiko zuten Udalbiltzakoek eta horregatik erabakiko zuten guri tokia egitea. Beste sortzaileek bezainbeste behar edo gehiago ditugu euskal komikigileok. Tokia egin digute honetarako eta estimatzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!