Martxan da Berastegiko VI. Mikroipuin Lehiaketa

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 27a, 11:56

Berastegiko II. Mikro-ipuin Lehiaketako sari banaketako irudia.

Lehen aldiz, komiki lehiaketa ere antolatu dute, gaztetxoentzat; herritarrek maiatzaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lan originalak, udaletxeko postontzian.

Berastegiko Udalak aste honetan jarri du martxan azken urteetan antolatu izan duen mikroipuin lehiaketaren seigarren edizioa. Lehiaketa honekin batera, gaztetxoei zuzendutako beste bat antolatu dute aurten, lehen aldiz: komiki lehiaketa. Bi kasuetan, herritarrek maiatzaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lan originalak, udaletxeko postontzian. Maiatzaren 27an egingo dituzte bi lehiaketen sari banaketak, eta mikroipuin eta komiki sarituak 2023ko Aidanen aldizkarian argitaratuko dituzte. Lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak, aldiz, liburutegiko webgunean argitaratzen joango dira, izenpetuta edo anonimoki, egileak nahi duen moduan.

Lehiaketetan parte hartzeko ezinbestekoa da berastegiarra izatea, eta sarituak izan ez diren obra original eta argitaratu gabeak aurkeztu beharko dira. Gaia librea izango da; mikroipuinak euskaraz izan beharko dira, eta komikietan testurik egonez gero, euskaraz izan beharko du. Mikroipuinen kasuan, egile bakoitzak 100 hitz baino gutxiagoko nahi adina mikroipuin aurkez ditzake; komikien kasuan, berriz, egile bakoitzak nahi adina komiki aurkez ditzake, nahi adina marrazkirekin eta nahi duen neurrian.

Bai mikro-ipuin lehiaketan, baita komiki lehiaketan ere, bi kategoria izango dira. Mikroipuin lehiaketan, DBH-ko ikasleena (12-16 urte) eta helduena (16 urtetik gorakoak) izango dira; komiki lehiaketan, berriz, Lehen Hezkuntzako ikasleena (12 urtera artekoak) eta DBH-ko ikasleena (12-16 urte). Sariei dagokienez, kategoria bakoitzeko txapeldunak, 50 euro eta Astiz liburudendan erabiltzeko txekea irabaziko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 30 euro eta Astiz liburudendan erabiltzeko txekea. Mikroipuin lehiaketan, epaimahaiak hiru ezaugarri izango ditu kontuan: originaltasuna, euskara maila eta narrazioaren egitura. Komiki lehiaketan, bestalde, istorioaren zuzentasuna eta ulermena eta marrazkien bizitasuna eta originaltasuna izango ditu kontuan.

Egileek lanaren kopia bat aurkeztu beharko dute. Mikroipuinen kasuan, ordenagailuz egina, Arial 12 formatuan eta 2ko tartez idatzia. Lan guztiek izenburu bat izan beharko dute; ez dute sinadurarik eman behar, ezta egilearen inolako zehaztasunik ere. Gutun azal batean entregatuko da lana eta lehiatuko den kategoriaren zenbakia idatzita izan beharko du agerian. Horrekin batera, beste gutun azal bat bidaliko da, kanpoaldean lanaren izenburua eta barruan egilearen izen-abizenak, hellidea, adina, telefonoa eta helbide elektronikoa (izanez gero) idatzi behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!