ERREPORTAJEA

'Zeharkaldia', bi ospakizunen arteko emaitza

Leyre Carrasco 2023ko api. 16a, 12:00

Maria Cueto eta Mariano Arsuaga bikoteak hogeita hamar urte daramatzate Berastegin bizitzen eta sorkuntza artistikoa garatzen. Urte hauetan zehar bi artistek sortutako lanak, arte espazio bihurtu duten udaletxe berrituan zehar jarri dituzte, eta hilabete honen bukaera arte izango dira ikusgai.

Bi ospakizunen arteko emaitza da Zeharkaldia. Alde batetik, Berastegiko udaletxeko lanen amaiera, eta bestetik, Maria Cueto (Aviles, 1960) eta Mariano Arsuaga (Irun, 1954) bikoteak, sorkuntza artistikoari lotuta, Berastegin bizitzen daramatzaten hogeita hamar urteak ospatzeko festa.

Arsuagak azaldu bezala, erakusketaren izenak ontzi itxura duen ganbara berrituari egiten dio errenfentzia: «Gure obra batzuk udal-eraikineko hainbat espaziotan jartzeko proposamena egin zigutenean, ganbarara igo eta bertako egurrezko egitura ikusgarriak berehala ekarri zigun gogora ontzi baten irudia. Auzotar guztiok elkarrekin bidaiatzen dugun ontzia irudikatzen du, alegia».

Ibilbidean zehar, Cueto eta Arsuagaren 40 obra adierazgarri ikusi ahal dira guztira. «Lan berrienak ugariagoak dira, eta gure inguruari eta bizitza ulertzeko dugun moduari buruz hitz egiten dute», adierazi du margolariak. Obrak udal-eraikineko lau solairuetan zehar daude ikusgai. Bisitariek horiek ez ezik, «herritar guztien etxea» bisitatu ahal izango dute, baita eraberritutako eta birmoldatutako hainbat areto gela ere; hala nola, osasun zentro, liburutegia, bulegoak, bilera eta jarduera askotariko gelak.

Halaber, bizilagunei eskerrak eman nahi izan dizkie «harrera egiteagatik, inguratzen gaituen naturaren magiagatik eta Berastegiko denbora lasaiagatik. Elementu horiek guztiek lagundu digute gure sormena lantzen».

Bi ikuspegi

Konbinaketa paregabea egiten dute Cuetok eta Arsuagak, izan ere, artea ulertzeko bi ikuspegi jorratzen ditu bikoteak; Arsuagak bere koadroen bidez, eta, Cuetok, berriz, landareen osagaiez sortutako estrukturen bitartez. Horren emaitza argia izan da Zeharkaldia

Arsuagaren lan gehienak, bereziki, beheko solairuan jarriak daude, eta hauek sail desberdinekoak direla aitortu du. Gainera, horietako batzuen bitartez, «miresten» dituen margolari ezagunak omentzen ditu. Arsuagaren hitzetan, «denok gara kate bateko katebegiak, arbasoengandik jasotzen dugu, eramaileak gara eta gure atzetik datozenei transmititzen diegu».

 

Mariano Arsuaga: «Berastegi da nire amaren familiaren sorlekua. Hemen ematen nituen haurtzaroko opor eta udarak»

 

Pinturaz, paisaietara edo mundura irekitako leiho gisa bezala hitz egin ohi dela dio Arsuagak, «baina niri, berriz, koadroaren irudi hura zeharkatzean, pintatzean, beste mundu batzuetan sartzera bultzatzen nau, hau da, ezagutza zehatz batera eta norbere burua ezagutzea iristea, pinturaren bidez soilik lortzen den egoera eta modu jakin batera». Arrazoi horregatik, sail horietako bati Puertas Secretas izena jarri dio margolariak.

Laberintos izeneko saila dago bestetik, eta bertan, artistak egin ohi duen «pintura-ariketa» erakusten du. «Behin labirintoa zalantzan jartzen dutenen aberria dela entzun nuen. Horietako batean gaudenean, alde batetik edo bestetik joango garenaren zalantza izaten dugu, eta bat margotuz gero, zalantza eta galdera ugariei egin behar die aurre, etengabe erantzun bat emanez», azaldu du.

Azkenik, pandemian zehar margotutako Paisajes interiores izeneko saileko hainbat obra ere txertatu ditu Arsuagak erakusketan zehar. «Irudimenak salbatu egiten gaitu eta itxialdian margotutako serie honek aske egiten ninduen, ametsetako, irudimenezko eta koadroak berak argitzen zizkidan paisaiak zeharkatuz», gogora ekarri du Arsuagak.

Ganbarako arima

Bailaran zehar ematen dituen paseoak izadia begiesteko baliatzen ditu Cuetok; zuhaitzak, belarrak, landareak, loreak, hostoak eta adarrak, besteak beste. Kontenplazio lasai horren iturritik datorkio inspirazioa. Bere obra gehienak eraikineko ganbaran biltzen direla aipatu du Cuetok, «jasotako izaeragatik, eta itsasoaren bidez kasu askotan inspiratutako azken sorkuntzak ongi uztartzen direlako».

 

Maria Cueto: «Paseoak ematen ditudanean gustuko ditudan landare-elementuak biltzen ditut, eta ondoren, tapizari  josten eta eransten dizkiot»

 

Horren adibide dira Medusa edo Ola izenpean bertan zintzilik dauden obrak. Izan ere, izenburuak beren formaren deskribatzaileak dira. Horiekin uretan bizi diren izaki bizidun ugari irudikatzen saiatzen da, eta bere eskultura guztiek iradokitzen dituzten mundu mikro eta makroskopikoen nahasketa adierazten dute. Sail horri Cardumen obra gehitu behar zaio, baina bertan beste obra batzuk ikusi ahal dira ere; hala nola, El corazón del bosque, Fuente para Jaime edota Constelación.

Hala ere, ezin aipatu gabe utzi, bigarren solairuan kokatzen den Cuetoren lan bereziena: Hacia la luz. Bertan, udalari emandako artisten beste bi lan ere daude ikusgai; Cuetoren Música callada, eta Arsuagaren Puertas secretas saileko lanetako bat.

Cuetoren lanak ez ezik, Arsuagaren kuadro batzuk eta bestelako lanak ere ikusi ahal dira bertan. Alde batetik, Cuaderno de Bitácora izenpean, 80ko hamarkadaz geroztik, bi artisten lanekin zerikusia duten oharrak, ebakinak eta argazkiak jasotzen dituen koadernoa dago. Bestetik, Cuatro veces nieve izenpean, serigrafiak, Bernardo Atxagaren testuak, Xabier Lakaren laguntzarekin eta Cuetoren ehun baten gainean prestatutako moldea eta karpeta ere daude ikusgai.

Asteburuan ikusgai

Erakusketa apirileko azken bi larunbata zein igandeetan izango da zabalik. Larunbatetan goizeko 11:30etik 14:00etara, eta arratsaldean,16:30etik 19:30era izango da ikusgai. Igandeetan, berriz, 11:30etik 14:00etara egongo da zabalik.

Zeharkaldia elizaraino iristen den paseoarekin osatzen da, herritarrek bertako atarian bi artisten beste lan bat ikusteko aukera izango baitute. Eliza ataria irekita egongo da apirilaren 22an, 11:30etik 14:00etara. Bertan, bi bisita gidatu egingo dira Juan Ignacio Elosegiren eskutik, elizaren barrualdean eta erretaulan; lehena 11:30etan, eta bigarrena 12:45etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!