David Azurzaren kontzertua izango da Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 14a, 18:00

Bihar izango da saioa, 19:00etan, kultur etxeko ganbaran. Musikari eta konpositore tolosarrak ‘Zeharkaldi baterako ahotsak’ izena duen musika saio inprobisatua eskainiko du.

Zeharkaldia izeneko Mariano Arsuaga eta Maria Cueto artistek egindako erakusketaren inguruan, musika saio inprobisatua eskainiko du David Azurza musikariak. «Erakusketa ikustera etorri zenean hunkitu egin zen, eta berehala musika saio inprobisatua egiteko proposamena luzatu zigun», kontatu du Mariano Arsuaga margolariak. Bi aldiz pentsatu gabe proposamenarekin bat egin zuten erakusketako egileek, eta hori izango da bihar kultur etxeko ganbaran ikusi ahalko dena.

Ontzi tibetarren laguntzarekin, musika saio inprobisatua egingo du Azurzak, hain zuzen. Ordu eta erdi inguru iraungo duen saioa izango da, eta herritar guztiei irekita egongo da. 

'Zeharkaldia' erakusketa

Horrez gain, herritarrek Zeharkaldia erakusketa ikusteko aukera ere izango dute, apirileko larunbata zein igande guztietan. Larunbatetan goizeko 11:30etatik 14:00etara, eta arratsaldean, 16:30etatik 19:30etara izango da ikusgai. Igandeetan, berriz, 11:30etatik 14:00etara egongo da zabalik.

Zeharkaldia elizaraino iristen den paseoarekin osatzen da, herritarrek bertako atarian bi artisten beste lan bat ikusteko aukera izango baitute. Eliza ataria irekita egongo da larunbata honetan eta apirilaren 22an, 11:30etatik 14:00etara. Bertan, bisita gidatuak eskainiko dira Juan Ignacio Elosegiren eskutik, elizaren barrualdean eta erretaulan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!