Gazteek hartu dute herria

Ataria 2023ko martxoaren 18a

Berastegiko Gazte Festak ospatzen ari dira. Gaur, egitarau oparoarekin, ari dira eguna igarotzen Urpele elkartearen bueltakoak.

Herriko gazteek festa eguna dute, gaurkoan. Hobeto esanda, batzuentzat festa jarraipena izaten ari da. Izan ere, atzo abiatu zituzten Berastegiko Gazte Festak ping-pong txapelketa, pintxo-potea, bakarrizketa eta kontzertua medio.

Gaurkoan, egun osoko egitaraua prest, jendeak ez du hutsik egin. 13:00ak aldera bildu dira gazte eta ez hain gazteak futbol zelaian. Jan-edana eta kirola uztartu dituzte. Txakolin dastaketa egon da batetik, eta bestetik, toka txapelketa. Herritar ugarik parte hartu du lehian: 9 txapak eskuan hartu eta erdiko metala zeinek gehiagotan jo. Mikrofono eta guzti, atzoko parrandaren aitzakian ez zen trufarako aitzakia gehiegirik behar.

Festak luze joko du gaur Berastegin. Izan ere, herri bazkariaren ondoren, Bide batez erromeriak dantzarako aukera eskainiko du; eta iluntzean, zahagi ardoa, bingoa eta DJa ez dira faltako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!