Etenik gabe, festarekin jarraituko dute asteburuan Berastegin

Ataria 2023ko martxoaren 15a

Ohikoa duten moduan, San Jose egunaren bueltan, Gazte Festak izango dituzte ostiralean eta larunbatean.

Gazte Festak ospatuko dituzte asteburuan Berastegin, baina girotzen joateko, pasa den larunbatean mus txapelketa izan zuten Urepele elkartean. Lehen saria Xabi Barriola eta Eli Barriola anai-arrebek eraman zuten, eta bigarren, berriz, Arritxu Uranga eta Ane Urkizu sailkatu ziren. Egun horretan, frontenis txapelketako finalak ere jokatu zituzten eta Julen Garaiburuk lortu zuen bakarkako garaipena Iker Saizarren aurka (30-15). Binakako partidetan, mutiletan, Iraitz eta Julen Garaiburuk irabazi zuten Xabi Saralegi eta Julen Amonarrizen aurka (30-21), eta nesken binakakoan, berriz, Izaro Garziarena eta Aiara Agirrezabala izan ziren garaile Naitze Garaibururen eta Mireia Barriolaren aurkako partidan (30-29).

Asteburu honetan ere festak ez du etenik izango. Beste urteetako egitarau «antzekoa» prestatu dutela esan du Larraitz Garaiburu Urepele elkarteko egungo lehendakariak, baina badira berrritasunak tartean: «Urepele elkartean jokatuko den ping pong txapelketa azkarra antolatu dugu ostiralean, eta larunbatean, berriz, txakolin dastaketa egin bitartean,  toka txapelketa herrikoia izango dugu».

Festa «polita» antolatu dutela adierazi du lehendakariak, eta herritarrak festara animatu nahi izan ditu.

Egitaraua

Martxoak 17, ostirala

  • 17:00. Ping pong txapelketa azkarra, Urepele elkartean.
  • 19:00. Pintxo potea herrian zehar.
  • 20:00. 40 urte ta behera niek bakarrizketa, Urepele elkartean.
  • 00:00. Meliora taldearen kontzertua.

Martxoak 18, larunbata

  • 13:00. Txakolin dastaketa futbol zelaian, bitartean toka txapelketa herrikoia.
  • 14:30. Herri bazkaria, frontoian.
  • 18:00. Bide batez erromeria, frontoian.
  • 21:00. Zahagi ardoa eta bingoa frontoian.
  • 00:00. DJ Javi Hidalgo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!