Berastegiko belazeak, aire libreko museo

Leyre Carrasco 2023ko mar. 5a, 15:31

BE! Artzain kultura asteburuaren barruan, bi kilometroko ibilbidean zehar, artzain kultura ezagutu dute goizean Berastegin. Plazan izan du abiapuntua, eta bederatzi gune izan dira ikusgai guztira.

BE! Artzain kultura asteburuaren azken eguna ari dira ospatzen Berastegin, eta gaurkoan ere askotariko ekitaldiak antolatu dituzte. Eguraldia lagun izan dute goiz osoan eta Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatu ahal izan dira bi kilometroko ibilbidean zehar. Bederatzi gune ezberdinetan banatu dute ibilbide zirkularra, eta gune horietan artzain kultura sakonago ezagutzeko aukera izan da.

Plazan izan du abiapuntua, non ibilbidearen inguruko eskuorri batzuk banatu dituzten. Bigarren gunean Euskal Herriko ardi latxaren azpi arrazen erakusketa egon da. Hirugarren gunean, Astotreken eskutik, astoekin itzuliak egiteko aukera izan dute gaztetxoek zelaian, eta jarraian zegoen gunean euskal artzain txakurren erakusketa izan da ikusgai. Ibilbidea elizatik igaro da, eta gune horretan, zimiterioan, artzainen lan tresnen eta Aranzadiren erakusketa izan da ikusgai. Bidean aurrera eginda, ardiei ilea mozteko gunea izan da batetik, eta ardiak jezteko gunea bestetik; ordu erdiro egin dituzte erakustaldi horiek, 11:00etan hasita azkena 13:00etan egin arte. Hurrengo gunean herriko musikari gazteak giroa alaitzen aritu dira, eta bertatik igarotzen zirenak bertan jarritako photocall-an argazkiak atera ahal izan dituzte. Azken gunean, gazta ezberdinak izan dira dastagai udaletxeko erabilera anitzeko gelan eta azalpen labur batzuk jaso dituzte gerturatu direnei.

Ibilbidea egin ostean tripa betetzeko eta indarrak hartzeko tartea izan dute, bazkari erraldoia egin baitute. Arratsaldean Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin emango diote amaiera artzain kultura asteburuari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!