Arkumea balioan jarri, eta bere kontsumoaren inguruan hausnartu eta gozatzeko festa antolatu du Berastegiko Udalak eta herritarrek osatutako 20 laguneko taldeak. Berastegiko artzain kulturan aurrerapausoak emateko, festa eta arkumea uztartuko dituzte. Arkumea izango da lehen lerroko protagonista, baina horren atzetik dagoen artzaintza kultura ez dute alde batera utziko. Zerbait "dinamikoa eta berritzailea" antolatu dutela aitortu du Amaia Azkue alkateak, "Berastegi mapan kokatu eta herriak artzaintzarekin duen lotura erakusteko. Berastegiko Udalak tokiko garapenean artzaintzari dagokionez egiten ari den lanketaren jarraipena izango da hau".
Izan ere, Berastegiko Udala lanketa berezia egiten ari da azken urteetan artzaintzaren inguruan. Duela urtebete argitaratu zuen Josu Ozaita antropologoak artzaintzarekin egindako lan antropologikoa jasotzen duen Be! Berastegi. Belarra. Beeee izeneko liburua. Berastegiko ukuilu eta etxeetan barrena ibili eta herriko artzainak elkarrizketatuz osatutako liburua da, hain zuzen. Azkuek azaldu duenez, "artzain kultura hori biltzen da liburuan, eta kultura horretan sakondu eta bultzatzeko, Artzain Mahaia sortu genuen herriko artzainekin. Foro horretatik sortu da BE! Artzain kultura asteburua antolatzeko ideia".
Egitarau zabala
Horrenbestez, martxoaren 3tik 5era bitarte, artzaintzaren bueltako jarduera ezberdinez gozatzeko aukera izango dute. Ostiralean hausnartu eta ekin jardunaldiak antolatu dituzte udaletxean, eta ondoren, afaria egingo dute parte hartzaile, babesle, udaleko kide eta artzain mahaiko kideekin batera. "Garrantzitsua iruditzen zaigu honelako sarrera egitea asteburuari, esperientziak ezagutu eta asteburua antolatzearen zergatia, helburua, aukerak eta errealitatea ezagutzeko", esan du Iraitz Garaiburu artzain gazteak.
Hain zuzen, Garaiburu izango da, Oier Ugartemendia artzain gaztearekin batera, larunbatean haurrentzako gazta kultura ikastaroa eskainiko duena. Garaiburuk azaldu duenez, "gazteei artzaintzaren inguruko euskarri bat erakutsiko zaie. Lehenik eta behin, haurrei galdetuko zaie zer den artzaintza eta horren inguruan dakitena, eta, jarraian, artzaintzari buruzko aurkezpena egingo zaie. Haurrek beraien irudi bat sortuko dute ondoren, eta, bukatzeko, gazta dastaketa egingo da". Astoekin bordara bisitak ere egingo dituzte larunbatean, eta aurrez izena eman beharko da horretarako. Bestalde, gastronomia eta musika uztartuko dituen azoka ere izango da arratsaldean.
Igandean, berriz, Gazpio artegira bisitak egingo dituzte, Jose Inazio Ugartemendia arduradunak gidatuta. "Nire egunerokoa eta bertan egiten dugun lana erakutsi eta azalduko dut; gazta nola ekoizten dugun eta ustiategia nola eramaten dugun, besteak beste", esan du Ugartemendiak.
Egun horretan, gainera, artzain kultura ibilbidea ere egingo dutela gehitu du Andoni Zuriarrain zinegotziak: "Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira, bi kilometroko ibilbidean zehar, gune ezberdinetan artzain kultura ezagutzeko". Ibilbidearen ostean, bazkaria egingo dute aparkalekuaren azpian, eta aurrez tiketak erosi beharko dira horretarako. Arratsaldean, Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin emango diote amaiera asteburuari.
EGITARATUA
Martxoak 3, ostirala
- Hausnartu eta ekin jardunaldiak, udaletxean.
- 14:30. Kafea
- 14:45. Aurkezpena Amaia Azkue alkatearen eta Ione Gorostarzu poetaren eskutik.
- 15:00. Artzainaren gogoetak, belazeko talaiatik, Artzai Gaztako Ander Barandiaranen eskutik.
- 15:30. Malgutasun baimenaren gazta egiten esperientzia. Bordaxar eta Adarrazpiko baserritarren eskutik.
- 16:00. Arkumea kutixi, gastronomiatik errelatoa, Javi Rivero sukaldariaren eskutik.
- 16:30. Esperientzia pilotua: arkumea etxeraino, Larsabi kooperatibaren eskutik.
- 17:00. Mahai ingurua: Zer egin dezakegu, zer egin daiteke?, parte hartzaile guztiekin.
- Ondoren afaria, parte hartzaile, babesle, udaleko kide eta artzain mahaiko kideekin.
Martxoak 4, larunbata
- Bordara bisita, astoekin.
- 10:00etan eta 15:00etan, Berastegiko bordetara bisita gidatua, Astrotekeko astoek lagunduta. Bidean, Astotrekeko Aritz Aierbek azalpenak emango ditu astoaren bizimoduaren eta garrantziaren inguruan. Bordan, herriko artzainen azalpenak eta gazta dastaketa. Aurrez izena eman beharko da.
- Haurrekin gazta kultura.
- 15:00. Haurrentzat gazta kultura ikastaroa, etiketa baten diseinua eta dastaketa. Oier Ugartemendia eta Iraitz Garaiburu herriko artzain gazteen eskutik.
- Postu gastronomikoak eta musika.
- 17:00-22:00. Azoka.
- Gastronomia postuak: arkume gisatua, txuletilak, Berastegiko ardi gazta mamia, Berastegiko gazta tarta...).
- BE! liburua erosteko aukera.
- Arkume haragi paketeak eskatzeko postua.
- Artiletik harira, Maduixa Gorria artisauaren eskutik. Artile garbia kardatu eta haria egiteko prozesuaren tailerra.
- Musika zuzenean, Zigor DZrekin.
- 17:00-22:00. Azoka.
Martxoak 5, igandea
- 10:30ean, 11:30ean eta 13:00etan, Gazpio artegira bisitak. Izena eman beharko da aurrez.
- Artzain kultura ibilbidea. Berastegiko belazeak aire libreko museo bilakatuko dira, 2 kilometroko ibilbidean zehar, gune ezberdinetan artzain kultura ezagutzeko. Besteak beste, honako guneak izango ditugu ibilbidea:
- 1. Gunea: Hasiera gunea.
- 2. Gunea: Euskal Herriko ardi latxaren azpi errazen erakusketa.
- 3. Gunea: Astoekin itzuliak haurrentzat, Astrotekekoen eskutik.
- 4. Gunea: Euskal artzain txakurren erakusketa.
- 5. Gunea: Artzainen lan tresnen eta Aranzadiren erakusketa.
- 6. Gunea: Ardiei ile mozketa. 11:00, 11:30, 12:00, 12:30, 13:00.
- 7. Gunea: Ardiak jezteko gunea. 11:00, 11:30, 12:00, 12:30, 13:00.
- 8. Gunea: Herriko musikariak + photocall-a.
- 9. Gunea: Gazta dastaketa azkarra.
- 14:30. Arkumea burruntzian erreta, bazkari erraldoia, aparkaleku azpian. Aurrez tiketak erosi beharko dira.
- 17:30. Andoni Ollokiegirekin kantaldia.