Tolosako inauterien aurretik izaten dira Berastegikoak. Tolosako kaldereroak izaten diren asteburuan antolatzen dituzte normalean, hain zuzen, eta, aurtengo inauteriak ere hemen dituzte berastegiarrek. Aurten, ordea, festarako beste egun bat gehitu dute egutegian, eta ostegunetik hasita larunbatera arte mozorro festaz gozatzeko aukera izango dute.
18:00etan hasita, Gaztainondo elkartekoek antolatu duten talo jatearekin emango diote gaur hasiera festari. Garazi Otxandorena Kultura Teknikariak azaldu duenez, aurtengo egitarauko «berritasun bakarra» hori izango da.
Ostiralean, berriz, 14:45etatik hasita 16:00ak arte herriko gaztetxoek eskolako desfilea egingo dute herrian zehar, eta jarraian, Guraso Elkartearen eskutik, txokolate jatea egingo dute eskola atarian. Tripa bete eta indarrak hartu ostean, haurrek plazan eskainiko duten dantza emanaldiari emango diote hasiera, 18:00etatik aurrera, eta 19:00etan pintxopote mozorrotuaren txanda izango da.
Egun handia, ordea, larunbata dela aitortu du Otxandorenak. «Ostiralean herrian izaten dugun festara geroz eta jende gehiago animatu arren, larunbata izaten da herritar gehienek gustuko duten eguna. Mozorro desfilea egiten dugu lehenik, eta horren ostean, herri bazkaria izaten dugu denek batera herriko plazan. Egun horretan giro ederra sortzen da herrian».
Larunbatean, beraz, goiz goizetik izango da zer ikusi Berastegin. Urtero ohiturei jarraituz, egunarekin hasteko 12:30ean txupinazoa botako dute iazko mozorroen desfileko garaileek, arbiaren igoerarekin batera. Jarraian mozorroen desfilea, koreografia eta antzerkiak egingo dituzte plazan, eta 14:00etan, berriz, indarrak berreskuratzeko bazkari herrikoia egingo dute frontoian. Aurtengo herri bazkarian «herritar ugari» animatu direla aipatu du kultur teknikariak, zehazki, 250 lagunek eman dute izena. Bazkaria norberak eraman beharko du, eta antolakuntzak ogia, edaria, kafea eta kopak jarriko dituela azaldu dute.
Eguna borobiltzeko, 17:30etik aurrera Jainekin txarangarekin ibiliko dira herrian zehar, eta iluntzean, berriz, luntxa ez ezik, DJ Davilarekin dantzan jarraitzeko aukera izango da Urepele elkartean.