II. Euskal Duatloiaren kanporaketan izango da Ibon Garaiburu

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 8a, 11:58

Azpeitiko zezen plazan jokatuko da proba, larunbatean, eta sei azkarrenak pasako dira finalera. Kirolariek bi lan egin behar dituzte aizkorarekin eta bi kilometro korrika.

Hogeita bat kirolarik parte hartuko dute II. Euskal Duatloiaren kanporaketan, eta horietako bat izango da Ibon Garaiburu berastegiarra. Kanporaketa Azpeitiko zezen plazan jokatuko da, larunbat honetan, otsailak 11, 17:30etik aurrera. Parte hartzaileek hiru lan egin beharko dituzte: etzanda dauden 45 ontzako bi enbor ebaki, bi kilometro egin korrika eta zutikako 45 ontzako bi enbor ebaki.

Lehen aldiz aurkeztuko da Garaiburu euskal duatloira. «Aurreko urtean ikusi nuen eta gustatu zitzaidan, eta horregatik aurtengoan izena eman dut», esan du berastegiarrak. «Lana oso azkarra izango da. Jende guztia presaka aterako da, lan motza den horretan, baina horrek ekarriko du lan gogorra izatea». Aizkoran hasi zen herri kirolen munduan Garaiburu, eta euskal pentatloian parte hartutakoa da. Ez dago ohituta zutikako enborrak ebakitzera: «Kanporaketarako hasi naiz preparatzen, eta oraindik, egia esan, ikasten ari gara zutik ebakitzen. Ez dugu perfekzioz ebakitzen oraindik, beraz, ikasten gabiltza».

Finalera sei azkarrenak pasako dira, baina Garaiburuk ez du ikusten aukera handirik hori lortzeko. «Ez dut aukerarik ikusten. Aurreko urtean finalera iritsi zirenak hor daude eta maila handia egongo da. Baliteke norbaitek egun txarra izatea eta aukeraren bat izatea, baina harritzekoa izango litzateke». Xabier Zaldua eta Eneko Saralegi nahiko seguru ikusten ditu finalean, eta hortik aurrera lehia handia izango dela pentsatzen du.

Pare bat hilabete daramatza berastegiarrak euskal duatloirako prestatzen. «Nahiko gustura nabil», esan du. «Pentatloitik nahiko ezberdina da». Garaibururen asmoa «lan txukun bat» egitea da: «Espero dut lan polit bat eginez gero, ez naizela azkeneko postuetan geratuko». Txandaka ariko dira kirolariak eta egunean bertan egingo dute zozketa jakiteko nola parte hartuko duten.

Larunbateko kanporaketa ikusteko sarrerak 20 euro balio du eta aurretik Tolosako Kantabriko tabernan eta Azpeitiko Mendizabal erretegian erosi daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!