Odola emateagatik sariak jaso dituzte

Ataria 2023ko otsailaren 6a

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak lau berastegiar saritu ditu, odola askotan eman dutelako; Aloña Eraso, Julene Arejula, Inaxio Apezetxea eta Amaia Azkuek intsignia eta diploma bana jaso dituzte.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odol emaileak omentzen ditu urtero, azken urteetan, diploma eta intsignia banaketak herriz herri eginez. Ostiral iluntzean egin zuten ekitaldia Berastegiko udaletxean. Berastegin odola ematen duten lau bizilagunek jaso zituzten oroigarriak: Aloña Erasok urrezko intsignia jaso zuen 40 aldiz odola emateagatik, eta Julene Arejula, Inaxio Apezetxea eta Amaia Azkuek zilarrezko intsignia jaso zuten, 25 aldiz emateagatik. Marixol Atxukarro eta Lurdes Otegi antolatzaileen eskutik jaso zituzten oroigarriak.

Uxue Arzallus zinegotziak eskerrak eman zizkien odol emaileei «borondatez eta musu truk egiten dieten ekarpenagatik eta pertsona askori emandako laguntzagatik». Berastegin urtean hiru aldiz etortzen dira Gipuzkoako Odol Emaileek Elkartekoak donazioak egitera. Horrelaxe jarrai dezatela eskatu zieten emaileei. Ondoren, guztiak batera mokadu bat egitera joan ziren Ategi ostatura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!