Ibai Makazaga eta Oihana Kortazar izan dira azkarrenak V. Negu Trail lasterketan

Leyre Carrasco 2023ko otsailaren 5a

300 parte hartzaile inguru izan dira aurtengo edizioan, baina gizonezkoetan Ibai Makazaga oriotarra, eta emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar mutrikuarra izan dira garaile.

Giro aparta izan da goizean Berastegin. Izan ere, Negu Trail lasterketako edizio berria izan dute jokoan gaurkoan. Tenperatura hotza eta bidean lokatza izan badute ere, hori ez da oztopo izan parte hartzaileentzat. Aurtengoan ere 300 korrikalari inguru izan dira guztira, baina Ibai Makazaga oriotarrak (01:23:22) eta Oihana Kortazar mutrikuarrak (01:38:28) eraman dute garaipena.

Makazagak atzetik izan ditu helmugara pare-parean iritsi diren Xabier Lete oñatiarra (01:23:38) eta Goar Lopetegi ibartarra (01:23:39). Emakumezkoen sailkapena, berriz, ez da hain parekatua izan. Oihana Zubillaga anoetarra izan da bigarren, eta honek 01:39:24ko denborarekin zeharkatu du helmuga. Minutu gutxira iritsi da hirugarren postuan sailkatu den Laiane Arrospide tolosarra (01:43:43).

Berastegiarrek aurtengoan podiuma egitea lortu ez badute ere, helmugara iritsi diren lehen herritarrentzako oroigarriak ere izan dituzte. Gizonezkoetan lehen herritarra Iban Agirrezabala (1:29:23) izan da, eta emakumezkoetan lehena, berriz, Maitane Lizartza (02:05:33).

Argazkiak: Irati Saizar eta Leyre Carrasco

Sailkapenak

Gizonezkoak

  1. Ibai Makazaga (01:23:22)
  2. Xabier Lete (01:23:38)
  3. Goar Lopetegi (01:23:39)

Emakumezkoak

  1. Oihana Kortazar (01:38:28)
  2. Oihana Zubillaga (01:39:24)
  3. Laiane Arrospide (01:43:43)

Herritarrak

  1. Iban Agirrezabala (1:29:23)
  2. Maitane Lizartza (02:05:33)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!