Berastegi inguruak mendi lasterkariz beteko dira igandean

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 2a, 11:59

V. Negu Trail mendi lasterkari 10:00etan emango diote hasiera. Ibilbidean aldaketa bat izango da Ipuliñoren igoeran, eta guztira herriko 130 boluntario ariko dira lanean.

Iraila inguruan hasi ziren antolatzen V. Negu Trail mendi lasterketa Berastegin, eta igande honetan izango da hitzordua, 10:00etatik aurrera. 300 parte hartzaile izango dira irteeran. Azaroan ireki zuten izen ematea eta ordubetean bete egin zen. «Badira edizio batzuk hori gertatzen zaigula; zerbait ondo egiten ari garen seinale izango da, eta horretan jarraitu nahiko genuke», esan du antolakuntza taldeko kidea den Aritz Mujikak.

Neguan egiten den mendi lasterketa horretan eguraldia eta ibilbidearen egoera izaten da hizpide nagusi. «Gainetan zuri dago, eta herrian ez dago batere elurrik», esan du Mujikak. «Herrian elurra izan dugu orain dela ia bi aste, eta egunotan euri pixka bat ere egin du, eta ea irauten duen zuritasunak. Halere, ziur lekuren batean korrikalariek elurra zapalduko dutela». Ziurra dena mendi lasterkariek lokatza zapalduko dutela izango da. «Ekitaldi askotan elurra izan dugu lagun Negu Trailean, baina lokatza ekitaldi guztietan izan dugula uste dut. Otsailean Berastegin mendi lasterketa bat antolatuz gero, lokatza beti egongo da».

Ibilbideak 16 kilometro ditu eta 1.038 metroko desnibel positiboa du. Ibilbidean aldaketa nabarmen bat izan da aurtengoan. «Ipuliñoko azken igoera beste bide batetik egitea lehenetsi genuen, nahiz eta gailur berera iritsi. Egokiak diren beste paraje batzuk ikusteko aukera eman nahi genuen», esan du Mujikak. Ipuliñon Leitzaran aldera pasatzen da ibilbidea, eta alde horretatik iristen da gailurrera. Gero, aurreko urteetan igotzen zen bidetik jaitsiko dira lasterkariak.

Aurten lasterketaren ondoren ematen zuten hamaiketakoa berreskuratu du antolakuntzak. «Azken finean Negu Trail festa bat izatea nahi dugu», esan du Mujikak. Guztira 130 boluntario ariko dira igandean lanean proba behar bezala ateratzeko, eta guztiak dira herrikoak. Bestalde, antolakuntzak gogora ekarri du igandean A-15 autobia itxita izango dela, beraz GI-2130 errepidetik iritsi beharko da igandean Berastegira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!