Estazio meteorologiko berria jarri dute Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 25a, 14:12

1989tik instalatuta zegoen Euskalmeten estazio historikoa ordezkatuko du, aspalditik egiturazko kalteak baitzituen. Haizeari, tenperaturei, prezipitazioei, hezetasunari, eguzki-irradiazioari eta beste hainbat alderdiri buruzko datu adierazgarriak emateko ahalmena du.

Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak eta Amaia Azkue Berastegiko alkateak, estazio meteorologiko berria bisitatu dute. Bi erakundeen arteko elkarlanari esker ekipamendu modernoa jarri ahal izan da abian, eta haizeari, tenperaturei, prezipitazioei, hezetasunari, eguzki-irradiazioari eta beste hainbat alderdiri buruzko datu adierazgarriak emateko ahalmena du.

Berastegiko estazio meteorologikoa Eusko Jaurlaritzak instalatu zuen lehenengo estazio automatikoetako bat izan zen, eta 1989an jarri zen abian. Iaz, haize handiaren eraginez, inguruko zutoin bat erori zen eta dorrea arrastaka eraman zuen. Hasiera batean, Euskalmetek estazioa ez konpontzea erabaki zuen eta, horren ordez, ekipamendu eguneratu bat instalatzea. Azkenean, udalak erabaki zuen jatorrizko estazioa hartzen zuen lursaila erostea, eta leku berean jarri dute orain azpiegitura berria. Halaber, udalak estazio meteorologikoaren instalazio elektrikoa eguneratu eta modernizatu du.

Instalazioak dorre auto-sostengarri bat du, jatorrizkoa baino altuagoa, eta ez ditu, beraz, aurrekoak zituen alboko tenkagailuak azpiegiturari eusteko. Horrez gain, inhibitzaile bat du tximistak jaustea saihesteko, bai estazioan bertan, baita inguruan ere. Era berean, sistema elektroniko berria eta kable- eta sistema sentsorial berria hornitu zaizkio haizea (norabidea, batez besteko abiadura eta gehieneko bolada), airearen tenperatura, hezetasun erlatiboa, eguzki-irradiazioa eta prezipitazioa neurtzeko.

Orain, inguruarekiko egokiagoa den zurezko hesi batek inguratzen du Berastegiko estazioa, eta tanta-neurgailu bat ere badu; une honetan Euskadin instalatuta dauden 10 tanta-neurgailuetako bat da. Tresna horiek euri edota txingor tanta edo elur maluta kopurua eta horien tamaina neurtzen dituzte, bai eta horien abiadura ere, laser-izpi sorta baten bitartez. Informazio horretatik abiatuta, neurgailu horiek elurra, euria edo txingorra bereizteko gai dira, eta, modu horretan, Kapilduiko radar meteorologikoaren euskarri gisa jarduten dute. «Hori lagungarria izango da haren informazioa hobetzeko eta prezipitazioen higadura-ahalmena ere zein den jakiteko, hori guztia minutuko maiztasunarekin», azaldu dute.

Berastegiren altitudea, Leitzarango autobidearekiko hurbiltasuna, haizeari, elurrari, euriari edo uholdeei, tenperaturei eta ematen duen serie meteorologikoaren luzerari buruzko informazioa jakiteko adierazgarritasuna kontuan hartuta, goitik behera berritu duten estazioa «interes berezikoa» da Euskalmetentzat, baita berastegiarrentzat ere. Estazio berri honekin jada Eusko Jaurlaritzaren 124 estazio meteorologiko eta hidrologiko daude hiru lurralde historikoetan banatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!