Bidegorria egiten ari dira, segurtasuna bermatzeko

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 17a, 11:59

Zagorra botatzea soilik falta zaio bidegorriari; horren jarraian, Elizalde eta Aiztunalde auzoak lotzen dituen bidea zabaltzeko lanak hasiko dituzte.

Berastegiko Udala hirigintzari lotutako hainbat lan egiten ari da. Proiektu nagusi moduan, bide gorria ari dira egiten. Elizalde auzoa Elduainalde auzoarekin eta herrigunearekin lotuko dute horrela, eta oinezko eta bizikletentzat izango da. 

Amaia Azkue Berastegiko alkateak esan duenez, ibilgailu asko pasatzen diren lekuetatik, besteak beste GI-2130 errepidetik eta herri barruko errepide nagusitik, oinezkoak eta bizikletak gutxitzeko proposamena egin nahi izan dute. «Horretarako eremu publiko bat egokitzen ari gara, bidegorri izaera izango duena». Denera, kilometro eta berrehun prestatuko dituzte.

Horrela, bidegorria erabilita ibilbide zirkularra egiteko aukera izango da: «Bidegorrian barrena, Elduainalde auzoa lotzen duen aukera hartuz gero, orain dagoen bide batekin lotuko da, beraz, beste bidetik itzultzeko aukera izango da; eta herrigunea lotuko duenarekin berdin». 

Hiru enpresa ari dira lanean: Garziarena Saralegi Eraikuntzak ari da lan orokorrak egiten, Bartolo Azkarate hondaketa lanak egiten ari da eta Xabier Lasa hondaketa enpresa ari da materiala eramaten. 

Lan horien ostean, Elizalde auzotik Aiztunaldera doan errepidea zabalduko dute. Horretarako, Amerialdetik datozen errekako urak hodi baten bidez hartuko dituzte. Erreka pasatzen den lekuan dagoen zuloan, hodia jarri eta errepidea metro eta erdi inguru zabalduko dutela  azaldu du alkateak, 300 metrotan zehar. 

Bidegorriaren proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren kirol ekipamendu planaren alorreko diru laguntzetara aurkeztu dute. «75.000 euro inguruko aurrekontua aurkeztu genuen eta %40a finantzatu digute». Bidegorriaren proiektua errepidea zabaltzeko proiektuarekin batera aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailean, klima aldaketari zegokion lerroan, eta %90ean lagundu dutela kontatu du Azkuek. 

Bidegorriari dagokionez, diru laguntza emateko betekizunetako bat da bertan erabiltzen den materialaren %40a birziklatua izatea. Eta horixe da amaitzeko falta ziena: zagor birziklatua botatzea. Eguraldiak laguntzen duenean egingo dutela esan du Azkuek. Horren jarraian, urak jasotzeko hodia jarri eta bidea zabaltzeko lanekin hasiko dira.

Errepideen gaiarekin jarraituz, herri erditik pasatzen den GI-2130 errepidean semaforoak jarri dituzte, «zebrabideak babestu eta errepide horretara irteerak seguruagoak izateko». Auzotarrek eskatuta jarri dituzte semaforoak, plazako sarreraren inguruan. «Ibilgailuak abiadura azkarrean pasatzen dira eta segurtasuna bermatu nahi genuen». Aldunditik jaso dute semaforoak jartzeko diru laguntza, beraien errepideak eta herrietako errepideen arteko loturak hobetzeko daukaten lerroari esker. 

Beste hainbat lan

Udaletxearen eraberritzearekin amaitzeko lanak ari dira egiten azken solairuan. Epe motzean inauguratzeko moduan izango direla esan du Azkuek: «Asmoa da martxoaren 8an antolatuko dituzten ekitaldietako bat aprobetxatzea gune berria inauguratzeko». Horrela, udal eraikina guztiz eraberrituta geratuko da. Teilatupe osoa berritu dute, edozein erabilerarako.

Herritar guztientzat irekia izango da: «Egokia izan daiteke sormenerako; diziplina ezberdinak lantzen dituenarentzat espazio aproposa». Izan ere, espazio «erreserbatuago bat» izango du, ekitaldiak egiteko guneaz aparte. «Denborak eta jendearen beharrak esango du zer erabilera eman».

Bestalde, frontoiko argiak ere epe laburrean aldatuko dituztela kontatu du alkateak. LEDak jarriko dituzte. Orain arte, diru bidezko sistema zegoen jarrita argiak pizteko, baina makinak emandako «arazoak» tarteko, doan jartzea erabaki dute. 17:00etatik 23:00etara argiak pizteko aukera egongo da, botoi bat zapalduta. «Botoiari eman eta ordubetez egongo dira piztuta, eta behin itzalita, berriro eman eta piztu egingo dira».

Horrez gain, pilotalekuko aldageletako ura berotzeko galdara aprobetxatuz, hiru erradiadore jarri dituzte pilotaleku ondoan dagoen aparkaleku azpiko lokalean. Bertan egiten diren jardueretarako botoia zapaldu eta martxan jarriko da berogailua. 12.000 euroko aurrekontua zuen proiektuak eta Leader diru laguntzen bidez 7.000 euro jaso dituzte. 

Azkenik, hirigintzako lanei dagokienez, Eguzkialde auzoan argiteriarako lizitazioa prestatzen ari dira. 10 farola jarriko dituzte denera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!