ELKARRIZKETA

«Lehen guztia eskuz egiten zen, baina orain gauza asko prestatuta etortzen dira»

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 28a, 07:59
Xabier eta Iñigo anaiak, burdina berotzen duten suaren aldamenean, Gregorio aita ondoan dutela. I.S.A.

Familiatik etorritako lanbideari eutsi asmoz ari dira errementari lanetan, gaur egur, Iñigo eta Xabier Yeregi anaiak, Berastegin. Gregorio aitak erakutsi die burdina lantzen, baina genealogian atzera eginda datorkie lanbidea yeregitarrei.

Burdinarekin lanketa guztia eskuekin egitetik, lan egiteko modua aldatu eta garai berrietara egokitzen jakin dute Yeregi errementariek; lanbidea fisikoki «erraztu» egin dela diote, modu berriei esker.

Nondik datorkizue errementari lanbidea?

Gregorio: Aita ferratzailea nuen, behiak eta behorrak ferratzen aritzen zen, eta horrez gain, balkoi batzuk egin, laiak zorroztu, areak zorroztu... baserriko erremintekin lan horiek egiten zituen. Gehienbat, hala ere, ferratzen aritzen zen nire anaia Patxirekin batera. Nik Tolosako tailer batean egiten nuen lan, beste anaia bat eta osabarekin; han goldeak eta baserriko erremintak egiten genituen, eta aita gaixotzean Patxirekin hasi nintzen lanean.

Bi anaiak aritu zineten gero?

Gregorio: Aita hiltzean elkarrekin jarraitu genuen. Urte askoan aritu ginen gure jaiotetxean lanean; neguan areak zorrozten genituen, are berriak ere egiten genituen; goldea gutxi erabiltzen zen, beraz, laiak zorrozten genituen, soroan erabiltzen ziren erremintak konpontzen aritzen ginen. Anaiak erretiroa hartu behar zuela esan zidanean, amaren jaiotetxean gaur egungo tailer hau muntatu nuen.

Familiatik datorkizuen zerbait da, beraz.

Gregorio: Yeregitarrok 1600dik hasita, errementari erlojugileen kastatik gatoz. Garai haietan dorreetarako erlojuak egiten zituzten. Elizetako erloju asko Yeregi sinadurarekin ageri dira oraindik ere. 1640an Bidanitik Leitzara joan omen zen Frantzisko Yeregi Zabaleta, bere familiarekin. Arotza zen, eta elizako dorrera igota erlojua ikusi zuenean egurrezko erloju bat egin omen zuen bere tailerrean. Iruñera eraman, eta guztiei gustatu omen zitzaien, baina egurrezkoa izanik, ez zela hain erabilgarria eta errementari ofizioa ikastera bultzatu omen zuten. Emaztea bi haurrekin Leitzan utzi eta Betelura joan omen zen ofizioa ikastera. Bi urte pasa zituen han, eta lehen erlojua Beteluko elizarako egin zuen. Hemen inguruko herri askotan daude oraindik Yeregi erlojuak.

Zuek erlojuekin ez zarete aritu ordea.

Gregorio: Ez gu errementariak izan gara. 15 urterekin joan nintzen Tolosako errementeriara lanera eta 11 urte pasa nituen han, Berastegira bueltatu nintzen arte. Bi seme ditut, eta ikasteko gogorik ez zutela eta, guk egiten genuena ikasi zuten eta beraiek jarraitzen dute orain.

Tolosatik anaiarengana Berastegira bueltatzean, zer lan egiten zenituzten?

Gregorio: Geroz eta traktore gehiago zegoen baserrietan eta ferratzearena gutxiago egiten zen ordurako. Gehienbat balkoiak egiten genituen, etxe berri asko ari ziren eraikitzen garai hartan, eta etxeetarako burdin hesiak, ateak, garajeetako ateak... egiten genituen. Lurra biratzeko makina ere geroz eta gehiago zegoen etxeetan eta areak zorrozteko lana gutxitzen joan zitzaigun. Mutil kozkorrak ginenean, eta hazi ondoren ere bai, gurdiek zituzten gurpil mazizoak egiten genituen jaiotetxean, urtean bi aldiz edo. Herrirako eta herri inguruko baserrietarako egiten genituen. Burdinazko aroa egiten genuen lehenik eta pagozko tabloiak jartzen genizkien gero. Gure aitak ganbaran jasota izaten zituen tabloiak, hamar urtez lehortzen egon behar izaten zutelako. Aro berriak egiten genituen tailerrean, eta gurpila prestatzeko, aroa sutan berotzen genuen, burdina berotzean hazi egiten da eta egurra sartzen genion, eta mutil kozkorrok segituan ura botatzen hasten ginen, hozteko, egurra erre gabe. Urtean bi saio egiten genituen gurpil horiek egiten; aldiko hamar-hamabi gurpil egingo genituen. Gero gomazko gurpilak hasi zirenean, lan hura ere bukatu egin zitzaigun.

Lehen hemen iltze asko egiten zen. Orain burdindegira joan eta edozein tamainatako iltzeak dauzkazu, baina orduan ez zen halakorik. Guk San Lorentzo ermitarako egiten genituen asko. Ohitura zen lehen, ofrenda moduan, San Lorentzora iltzeak eramatearena, azaleko gorriune eta granoak sendatzeko laguntza eskatuz. Horretarako eskatzen zizkiguten asko. Eta kateak ere egiten genituen, bereziki menditik enborrak jaisteko, eta iltze handiak behar izaten ziren kateari eusteko. Udazken garaian gaztainak erretzeko danbolinak ere egiten genituen; urtean hamar bat edo egingo genituen.



Zuek, Iñigo eta Xabier, nolatan animatu zineten aitaren ogibidearekin jarraitzera?

Xabier: Errementari lanbidea gustatzen zitzaigun, lana bazegoen, segituan hasteko aukera ere bagenuen eta hala animatu ginen.

Gregorio: Etxean ikusten denarekin badakizu askotan zer gertatzen den.

Zenbat denbora daramazue anaiok lanean?

Xabier: 31 urte daramatzat nik honetan lanean.

Iñigo: Lau urteko diferentzia daukagu bi anaiok, baina ni ere inguru horretan hasi nintzen.

Nola aldatu da lanbidea bera?

Gregorio: Lehen guztia eskuz egiten genuen, baina orain gauza asko prestatuta etortzen dira eta muntatu egiten ditugu bertan.

Xabier: Soldatu ere orain elektrikoki egiten da, baina lehen sutan berotu eta mailuka soldatzen zen guztia. Erraztu egin da lana, fisikoki behintzat.

Gregorio: Fisikoki ederki aldatu da. Mailua eta borrarekin joaz burdin guztiak zuzendu, okertu, zapaldu egiten genituen lehen.

Egiten dituzuen piezen diseinuari dagokionez, patroi batzuk edo dituzue?

Gregorio: Guk diseinatzen genituen gehienbat. Etxe berria egiten ari zen jende asko etortzen zen tailerrera, balkoi bat behar zutela eskatzera. Beti galdetzen nien: «Zer balkoi mota nahi duzue?». Asko pentsatu ere egin gabe zetozen. Adibide bera jartzen nien beti: «Denda batera zoazenean jertse bat erostera, buruan daramazu zein estilotako, koloretako jertsea nahi duzun, beraz, zuk nahi duzun bezalakoa erosiko duzu, eta balkoiarekin ere berdina da». Proposamen batzuk erakusten nizkien, eta bakoitzari bere gustukoa egiten genion. Mundu bat da.

Hasi eta buka, balkoi osoa eskuz egiten duzue?

Gregorio: Azken urteotan, balaustreak eginda etortzen dira. Zein motatakoak dauden erakusten zaizkie bezeroei, eta behin aukeratuta, baranda egiten dugu. Lehen, den-dena egin behar izaten genuen eskuz.

Xabier: Zerotik hasita egin behar izaten genuen lehen, eta ordu pila bat eskatzen du horrek. Hori dena ezin dugu bideratu orain. Zerbait eginda badator, lana errazago ateratzen duzu; eta noski, bezeroak kapritxoz eskatzen badigu, egin genezake guztia eskuz.

Gregorio: Kapritxoz nahi izan, eta diru asko baldin badu. Izan ere, eskuz hasten bazara, ordu mordoa pasa ditzakezu.

Xabier: Lehen eskulanak ez zuen ezertxo ere balio.



Eskuz lan egiteko, zer behar izaten da errementeria batean?

Gregorio: Lan bakoitzaren arabera ezberdina izaten da. Sua beti behar da, eta askotan, moztu edo soldatu egin behar izaten dira piezak. Erremintak ere piezaren arabera aldatu egiten dira.

Iñigo: Ohikoenak tenazak, mailua eta borra izaten dira. Sua egiteko harrikatza erabiltzen dugu.

Zuen lanbidea zein norabidetan ikusten duzue?

Gregorio: Geroz eta errementari gutxiago daude gaur egun, nabarmen. Garai batean tailer koxkor batek ateratzen zituen baranda kopuruarekin alderatuta, gaur egun dauden makinekin pilaka ateratzen dituzte, ezin da konparatu.

Iñigo: Gaur egun gainera barandak lisoak egiten dira gehiago, forja gutxi sartzen da. Obra berrietan eta hala ari gara ikusten. Orain lau haga moztu eta irudirik gabe eskatzen du jendeak. Pintatzeko ere lisoak eskatzen dituzte, errazagoa izateko.

Xabier: Modak izaten dira, boladak.

Iñigo: Oraindik ataka eta etxe sarreretako ate handiekin izaten dugu lan pixka bat. Forjaketa eskatzen duten lanak dira, eta egun, motorrarekin jartzen dituzte gehienek. Konponketa lanak ere egiten ditugu, batzuetan desmuntatu eta tailerrera ekarrita egin behar izaten dugu, eta besteetan bertan konpontzen dugu.

 

Gregorio Yeregi: «San Lorentzo ermitarako iltze asko egiten genituen; ohitura zegoen ofrenda moduan eramateko»



Burdina forjatzea eskatzen duten lanak bakarrak izango dira.

Xabier: Bi pieza berdin-berdin ez dira inoiz ateratzen.

Etorkizuna beraz, nola irudikatzen duzue? Izango dira errementariak etorkizunean?

Xabier: Izan beharko dute, norbaitek egin beharko du.

Iñigo: Toledon badago eskola bat, garai batean egiten zen bezala erakusten dutena. Irurtzunen ere bazen eskola bat. Guk dena etxean ikasi dugu, tailerrean bertan.

Familiatik datorren ofizioa duzue. Jarraipenik izango al du zuen familian errementari ofizioak?

Xabier: Oraindik gazteak dira gure ondorengoak. Ikusi egin beharko dugu ea gustatzen zaien.

Iñigo: Nire seme zaharrena aritzen da noizean behin gurekin. Gustatzen zaiola ematen du, baina ikusi egin behar.

Xabier: Eskulana nagusi duen lanik ez du nahi jendeak. Tailer handietan eta fabriketan lan egin nahi dute, konpromiso handiegirik gabe.

Gregorio: Eta pasa behar diren orduak asko dira hemen. Goizean badakizu zein ordutan hasi zaren, baina askotan noiz bukatuko duzun ezin izaten duzu jakin. Eta fabriketan, txirrinak jotzen duenean alde egiten duzu, hortxe dago aldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!