Sari guztiak banatu dituzte, beste behin

Leyre Carrasco 2022ko aza. 6a, 18:07

Ohitura galdu gabe abereek eta nekazari eta artisau postuek ez ezik, aurten ere lehiaketek bere lekua izan dute Berastegiko azoka egunean.

Goizean zehar Berastegiko azokako postuetan izan da zer ikusi, zer dastatu eta zer erosi; tartean, herriko produktuak eta inguruko artisauen lanak izan dira eskuragai. Horrez gain, abereak ere izan dira ikusgai, edota argazki rallyko lanen erakusketa ere. Baina ohitura aldatu gabe, lehiaketek ere ez dute hutsik egin aurtengo azokan.

Batetik, herriko gaztagileak saritzen dituzten XXXI. Gazta Lehiaketa izan da. Epaimahai batek goizean zehar parte hartu duten gazta desberdinak dastatu ditu, eta aurtengo gazta onena Jose Inazio Ugartemendiarena izan da, 117 puntu jasota. Bigarren gaztarik onenaren saria Jon Matxineak eraman du, 113 punturekin; hirugarren saria Hipoli Lasartek, 111,5punturekin; laugarrena Koro Artolak, 110,5 punturekin; eta bosgarrena berriz, Iker Ugartemendiak, 106,5 punturekin.

Aurtengo III. Sagar Tarta lehiaketako sariak ere banatuta utzi dituzte, eta aurtengo irabazlea Ixiar Zubillaga izan da. Bigarren saria Mari Angeles Ugartemendiak jaso du, eta azken saria berriz, Aitziber Astigarragarentzat izan da.

XIV. Ardi, Ahari eta Bildots Lehiaketa ere izan da, goizean zehar animalien erakusketara eramaten dituztenen artean. Ahari onenaren saria Iker Ugartemendiarentzat izan da, beste urte batez. Ardi onenaren saria ere berriro irabaztea lortu du Iker Olanok ere, eta aurtengo bildots onenaren saria berriz, Oier Ugartemendiak jaso du.

Bestetik, XXIV. azokako postu lehiaketa ere izan da, eta aurtengo postu onenaren saria El Atelier de Su-k eraman du.

Argazki Rally-an aurtengo gaia Be izan da, martxoan Berastegin Josu Ozaita antropologoak idatzitako 'Be! Berastegi. Belarra. Beeee'  liburuaren izenburua bezela. Ane Salbarregik jaso du lehen saria, bigarren saria berriz, Aitziber Zabaletak jaso du, eta hirugarrena Aitziber Astigarragak.

Arratsaldeko ekintzak

Azokako postuak eguerdian itxi badituzte ere, arratsaldean ere izango da zer ospatua Berastegin. 18:00etatik aurrera, talo jatea eta gazta eta sagar tarta dastaketa egingo dituzte, freskagarriz, ardoz eta sagardoz lagunduta. Tartean, gainera, Naroa Zubiria eta Maider Agirre trikitilarien emanaldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!