Kultur asteari asteburuan emango diote hasiera

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 25a, 07:58

Ostiral honetatik azaroaren 6a bitartean, egitarau oparoa prestatu dute Berastegin; azken egunean, azoka berezia egingo dute. 

Ate joka dute Kultur Astea berastegiarrek. Ohiko moduan, bi aste iraungo ditu egitarauak eta ostiral honetan abiatuko da. Lehen egunean, ostiralean, haurrentzako meriendaren eta jolasen ondoren, bost gazta ezberdin dastatzeko aukera izango da, Elkano gaztagunearen eskutik. Dastaketa, Rbld upategiko sagardoz lagunduta izango da, eta bi saio eskainiko dituzte, lehena 18:00etan, eta bigarrena 19:30ean. Parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, udal bulegoetan edo 688 68 19 52 zenbakira idatzita.

Gainerakoan, egitarau oparoa antolatu dute haur, gazte eta helduei begira. Kultur Asteak irauten duen bitartean, argazki rallyko argazkiak ikusgai izango dira udaletxean. Eta betiko moduan, azoka egunarekin borobilduko dute eguna. Goizean zehar, ganadua, herriko produktuak, inguruko artisauak, eta beste hamaika aukera ikusteko eta erosteko aukera izango da, eta azokaz gain, gazta lehiaketa, sagar tarta lehiaketa, postu lehiaketa edota ahari, ardi eta bildots lehiaketa egingo dira.

Egitaraua

  • Urriak 28, ostirala
    • 16:00. Txokolatada Beasti Guraso Elkartearen eskutik, eskola atarian.
    • 16:30. Artzainen herri kirolak parkea, Kulkiren eskutik, eskola atarian.
    • 18:00etan eta 19:30ean. Munduko gazta dastaketa, Elkano gaztagunearen eskutik, erabilera anitzeko gelan.
  • Urriak 29, larunbata
    • 10:30. Mondejuak egiteko ikastaroa Maria Luisa Otegiren eskutik, Urepele Elkartean.
    • 15:00. Mus txapelketa herrikoia, Ategin.
    • 18:00. Alaia Galtzagorria ikuskizuna haurrentzat Ostomila txotxongilo taldearen eskutik, erabilera anitzeko gelan.
    • 19:00. Pintxo potea.
    • 00:00. Musika iluntzea, El quinto con tenedor taldearen eskutik, Urepele elkartean.
  • Urriak 30, igandea
    • 19:00. Armiarma antzezlana, Katiuska antzerki taldearen eskutik, eskolako gimnasioan.
  • Urriak 31, astelehena
    • 18:30. Munduari bira txirrindan 16 urtetan ikus-entzunezkoa eta solasaldia, Aitor Igintz eta Unai Ugartemendiaren eskutik, erabilera anitzeko gelan.
  • Azaroak 1, asteartea
    • 09:30. Berastegi eta inguruetako txoko kuttunak ezagutuz: Larte mendira irteera herrikoia, plazatik abiatuta.
  • Azaroak 3, osteguna
    • Arratsaldean zehar, Animaliek hizketan zekiten garaian tailerraren erakustaldia eskolako haurren eskutik, udaletxean.
  • Azaroak 4, ostirala
    • 16:00. Merienda, guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
    • 16:30. Herri jolasak, guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
    • 17:00. Mihiluze lehiaketa gaztelekuko 12 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat, udaletxeko pleno aretoan.
    • 19:00. Gaur egungo artzaintza eta etorkizuneko artzaintzako azterketa batzuk Ander Barandiaran artzainaren bizipenetatik, erabilera anitzeko gelan.
  • Azaroak 5, larunbata
    • 19:00. Musika kontzertua Ana Iparragirre organo jolearen, Amaia Gutierrez biolin jolearen eta Begoña Irigoyen sopranoaren eskutik, San Martin elizan.
  • Azaroak 6, igandea
    • Goizean zehar azoka, eta tartean, herriko eta herritarren produktuak eskuragai. Horrez gain:
      • Gazta lehiaketa
      • Sagar tarta lehiaketa
      • Postu lehiaketa
      • Ahari, ardi eta bildots lehiaketa
      • Animalia ezberdinen erakusketa
      • Rallyko argazkien erakusketa
    • 13:30. Sari banaketa.
    • 18:00. Talo jatea eta sagar tarta dastaketa, freskagarri, ardo eta sagardoz lagunduta.
    • Tartean, Naroa Zubiria eta Maider Agirre trikitilarien emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!