Argazki rallyan izena emateko azken eguna astelehenean izango da

Ataria 2022ko urriaren 6a

'Online' edo presentzialki eman beharko da izena eta argazkiak urriaren 11tik 16ra bitartean atera beharko dira, Berastegiko herrian bertan.

Kultur astea gerturatzearekin batera, hemen da XXIV. Argazki Rally herrikoia ere. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute eta azken eguna urriaren 10ean izango da. Izen ematea udal bulegoetan, 943 68 30 00 zenbakira deituta, kultura@berastegi.eus helbidera idatzita edo 688 681 952 zenbakira whatsapp bat bidalita egin daiteke.

Urriaren 11n, egunean zehar, parte hartzaileei telefonoz, helbide elektronikoz edo Whatsapp bidez aurtengo gaia zein izan den jakinaraziko zaie. Aukeratutako hiru argazkiak helbide elektronikoz bidali beharko dira kultura@berastegi.eus helbidera, urriaren 16an, 23:59 baino lehen.

Argazkiak egiterakoan Berastegiko mugen barruan izan beharko dutela zehaztu du Berastegiko Udalak, eta ezin direla manipulatu. Aurkezten diren argazki guztien artean epaimahaiak hiru argazki onenak aukeratu ditu eta saria izango dute. Irabazleak nortzuk diren azaroaren 6an jakingo da, azoka egunean. Argazki guztiak ikusgai jarriko dituzte udaletxean, kultur asteak irauten duen bitartean, eta Berastegi.eus webgunean ere jarriko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!