Ibon Garaiburu berastegiarra bigarren mailara igo da

Ataria 2022ko irailaren 6a

Julen Gabirondok irabazi du hirugarren mailako aizkolari txapelketa; Iker Vicente hirugarren izan da, ‘Izeta VI’.aren atzetik.

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkolari txapelketa ezustekoz beterik etorri da. Iker Vicente bertan egotea izan zen lehen ezustekoa. Igandean hirugarren geratzea bigarrena. Enborren arteko aldea, hirugarrena. Eskualdekoei dagokienez, Ibon Garaiburuk helburua bete zuen, lehen 13ren artean sailkatzea eta bigarren mailarako igoera lortzea. Berastegiarrak 12. amaitu zuen 19.44ko denborarekin. Gabirondok, txapeldunak, 12.39an amaitu zituen lanak. 


Iker Vicente
Iker Vicente Euskal Herriko txapelduna izana da, lehen mailan, 2019an. Federazioarekin izandako liskarren ondorioz, 2020an eta 2021ean sherpa.ai txapelketan aritu zen nafarra, txapeldun geratuz. Euskadiko Herri Kirol Federazioaren arauetan, ordea, bi urte horietan txapelketan parte ez hartzeak maila galtzea ekarri dio, hirugarrengoraino jaitsiz. Horregatik, joan den igandean, Etxebarrian, bigarren mailara igotzeko borrokan izan zen nafarra. Helburua lortu zuen, baina txapela Julen Gabirondok kendu zion.  


Lau kanaerdiko ebaki behar zituzten aizkolariek. Faborito garbia Vicente zen, baina egurretan gorabehera handia aurkitu zuten aizkolariek, eta lanen amaieran Gabirondok ia 2 minutu kendu zizkion Vicenteri (14.11). Tartean Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a sailkatu zen, 13.04ko denborarekin. 


Bigarren mailakoa, urrian 
Bigarren mailako kanporaketa urriaren 16an jokatuko da. Igandeko 13 sailkatuei Oihan Larretxea elkartuko zaie. Bertan egongo da Ibon Garaiburu berastegiarra. Txapelketaren amaieran, lehen lau sailkatuek lehen mailarako txartela lortuko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!