Herri afarirako txartelak erosi eta kuadrilla egunerako izena eman daiteke

Ataria 2022ko uzt. 12a, 11:12

Berastegiko Salontzo jaietako herri afarirako tiketak Urepele elkartean, Ategin, Basurde elkartean eta udaletxean eros daitezke; eta leku berean jarri dute kuadrilla eguneko bazkarirako izena emateko zerrenda.

Berastegiarrak jarri dira herriko festei begira, eta dagoeneko herri afarirako txartelak jarri dituzte salgai. Abuztuaren 5ean izango da herri afaria eta uztailaren 31 baino lehen erosi beharko dira txartelak Urepele elkartean, Ategin, Basurde elkartean edota udaletxean. Haurren menuak 10 euroko kostua da eta helduenak 25 eurokoa. Haurren menuan makarroiak, oilasko bularra patatekin, petit suisseak eta freskagarriak sartuko dira, eta helduenean, piperrak itsaskiz beteak, zurtoin beteak onddo saltsan, txanpiñoiak urdaiazpikoarekin, bakailaoa, saihets hezur erreak, goxua eta sorbetea, eta edaria, kafea eta kopa.

Adin mugarik ez da izango menu bat edo bestea aukeratzeko, baina umeen menua aukeratzen dutenek, ahal dela, umeentzako prestatutako mahaietan esertzeko eskatu dute antolatzaileek. Gurasoren batek umeak bere mahaian eduki nahiko balitu, apuntatzerakoan jakinarazteko eskatu dute. Bestalde, menu zeliakoa edo begetarianoa eskatzeko aukera egongo da. Eta mahaiak taldeka erreserbatzeko modua ere luzatu dute. Horretarako, udal bulegoetara joan edo kultura@berastegi.eus helbidera idatzi beharko da.

Kuadrilla eguneko bazkaria

Kuadrilla eguna abuztuaren 6ean, larunbatean izango da, eta bazkarirako aurrez izena eman beharko da. Aurten, bereziki nabarmendu nahi izan dute adin guztietako kuadrillak apuntatu daitezkeela, gazte zein helduak. Bazkaria norberak eraman beharko du, eta udalak jarriko ditu platerak, basoak, sardexkak eta labanak, eta Urepele elkartearen esku joango da ogia eta edaria. Kuadrillaka izena emateko honako leku hauetan egin beharko da: Urepele elkartean, Ategin, Basurde elkartean edota udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!