Hezkuntza eta aisialdia lantzeko gune berriak

Irati Saizar Artola 2022ko uzt. 7a, 11:59

Naturako elementuekin egindako parke bat jarri du Berastegiko Udalak Ategi ostatuaren ondoan; negutegi bat ere jarri dute beste gune batean.

Sormena landu, ingurumenaz gozatu eta ingurugiroa errespetatzeko helburuarekin, parke berri bat jarri dute Ategi ostatuaren ondoan, Berastegiko Udalak duen lursail zati batean. Naturalak diren materialak dira nagusi, irudimena landuz erabiliko direnak. Horrez gain, udalaren beste eremu batean, negutegi bat jarri dute, ikastetxearekin elkarlanean, hezkuntza proiektua aurrera eramateko.

Amaia Azkue herriko alkateak azaldu duenez, herri programan zehaztuta zuten "hezkuntza eta aisialdia lantzeko" gune bat prestatu nahi zutela. Ategiko eremuan jarri dute, "herrigunetik hain urrun ez zegoen espazio bat" nahi zutelako, eta era berean, ostatua hor egonik, "aisialdirako funtzioa betetzen duelako".

Gunean bertan dauden zuhaitzak aprobetxatu dituzte, eta naturako elementuak kokatu dituzte, besteak beste, enborrak. "Modu berezi batean daude kokatuta, helburu pedagogiko bat dutelako, eta sormena landu eta psikomotrizitatea garatzeko", azaldu du. Haur bakoitzak espazio edo elementu bakoitzari bere erabilpena emango dio, bere irudimenaren arabera. Parke horretan, txirrista bat ere jarri dute, "baina inguru naturalean, lurrean kokatuta, eta jaistean hondarra duena". Parkea kokatu duten eremuan zegoen lurra aprobetxatu dute, belarra egonik.

Lanak egiteaz Kimubat enpresa arduratu da, eta Leader programako diru laguntzari esker egin dituzte lanak.

Negutegi berria

Udalak herriko beste gune batean duen lursailean negutegi bat eraiki du, parkearen helburu berdinak betetzeko asmoz. Besteak beste, ingurugiroa errespetatzea eta ingurugiroaz gozatzea dira, Azkueren arabera, negutegiaren helburuak, baina badu beste bat ere: Muñagorri ikastetxeak hezkuntza proiektua aurrera eramateko gune bat izatea negutegia bera.

Gaur gaurkoz, barazkiak daude landatuta negutegian eta ikastetxeko haurrak dira hori kudeatzeaz arduratzen direnak. "Ikastetxean arratsaldez tailerrak egiten dituzte, tailer ezberdinak, adin ezberdinetako ikasleak nahastuta, eta tailer horietako bat natura tailerra da". Tailer hori tokatzen zaion taldeak negutegia bisitatzen du, garaian garaiko barazkiak landatuz, besteak beste. "Pixkana beste landare mota batzuk ere jarri nahi dituzte; medizinalak adibidez. Aurrerago xaboiak, olioak edota ukenduak egin ahal izateko".

Negutegiarekin, ingurumenaz haragoko gaiak lantzeko aukera ere izaten dute: "Produktuak salgai jartzen badituzte, matematika landuko dute, ekonomia zer den ezagutuko dute, elikagaiak ere landuko dituzte eta ikusiko dute produktu bat sortzeko zenbat gastu izaten den". Modu "ezberdin" batean ikasketak garatzea ahalbidetzen die espazioak. Ikasturte honetan zehar eraiki dute negutegia herri langileek, boluntario lanetan aritu diren beste herritar batzuekin batera.

Orain, ikasturtea amaituta, Goizak Lagunartean aisialdi zerbitzuko gaztetxoak arduratuko dira negutegian dutena zaintzeaz eta abuztuan zehar, gurasoen txandak adostu dituzte modu boluntarioan baratza zaindu dezaten.

Baso eskola

Datorren ikasturteari begira baso eskola bat jartzeko asmoa du udalak, herrian bertan. Espazioak ez du inolako aldaketarik behar erabili ahal izateko, beraz, espazioak berak ematen dituen aukerekin, Muñagorri ikastetxeko hezkuntza proiektua lantzeko beste gune bat izango da honakoa.

Negutegiaren gisan, baso eskola ere ikastetxeko haurrentzat beste eremu fisiko bat izango da eta bertan egingo dituzte saioak. "Bertan dauden zuhaitz, fruitu, eta bestelakoek urte guztian zehar izaten dituzten aldaketak aztertzeko aukera izango dute adibidez, eta motrizitatea lantzeko aldapak edota harriak ere naturak berak eskaintzen dituenak izango dira". Espazio librea izango da, eta aldi berean, han landutakoa taldean elkarbanatzeko aukera izango dute.

Horrela, ingurumenaren bueltan sortutako guneak herritarrentzat eta ikastetxearentzat osagarri izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!