Herri kirol saioa eskaini dute gaur goizean Berastegin. Malen Barrenetxea aizkolari gazteak eman dio hasiera ekitaldiari. 13 urte besterik ez ditu, eta gaurkoa izan da bere lehenengo plaza. Horren ostean, Udane Ostolaza harri-jasotzaile gaztea 63 kiloko koparekin aritu da eta hamalau jasoaldi egin ditu guztira.
Emakumezkoen Gipuzkoako Txinga Txapelketa ere jokatu dute eta Ane Urresti izan da garaile 22 plaza, zinta bat eta 4,13 metro egin ostean. Ainitze Zumeta izan da bigarren zortzi plaza, bi zinta eta 3,58 metrorekin, eta hirugarren postua, berriz, Lierni Osarentzat izan da sei plaza, zinta bat eta 6,80 metrorekin.
Beste saioan, Agerre harri bereziekin nor baino nor aritu dira hiru harri-jasotzaile: Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Lehen proban 200 kiloko Agerre harri errektangularrarekin bi minutuko txanda izan du bakoitzak ahalik eta jasoaldi gehienak egiteko. Irigoien izan da irabazle, guztira lau jasoaldi egin baititu. Atzetik izan du Eizmendi hiru jasoaldirekin, eta Goenagatxok berriz, jasoaldi bakarra egitea lortu du. Bigarren proban 152 kiloko Agerre harri kubikoarekin hiru minutuko txanda izan du bakoitzak, eta hemen ere Irigoien izan da garaile hamabi jasoaldirekin; Eizmendik hamaika eta Goenagatxok bederatzi.
Gipuzkoako bigarren mailako aizkora txapelketako bigarren kanporaketa jokatu dute gaurkoan, gainera. Bertan, Ibon Garaiburu herritarra aritu da lehian eta berarekin batera Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena, Aratz Mugertza, Aitor Urteaga eta Urtzi Olasagasti. Azkenean, Zalduak (10:33 denborarekin), Mugerzak (10:50 denborarekin) eta Iruretagoienak (11:10 denborarekin) lortu dute uztailaren 26ean Astigarragan jokatuko den finalerako txartela.
Sailkapenak
Gizonezkoen Gipuzkoako bigarren mailako aizkora txapelketako bigarren kanporaketa
1. Xabier Zaldua, 10:33 minutu
2. Aratz Mugerza, 10:50 minutu
3. Andoni Iruretagoiena, 11:10 minutu
4. Ibon Garaiburu, 12:44 minutu
5. Aitor Urteaga, 14:25 minutu
6. Urtzi Olasagasti, 18:19 minutu
Emakumezkoen Gipuzkoako Txinga Txapelketa
1. Ane Urresti, 22 plaza, zinta bat eta 4,13 metro
2. Ainitze Zumeta, 8 plaza, bi zinta eta 3,58 metro
3. Lierni Osa, 6 plaza, zinta bat eta 6,80 metro.