Trikitilarien eta txistularien doinuekin eman diete hasiera goizean Euskal Jaiari, eta ordutik festa giroak ez du etenik izan Berastegin. Pintxo lehiaketa herrikoia egin dute gero. Zortzi talde aurkeztu dira, eta Saltserak taldea izan da irabazlea.
Sari banaketa gehiago ere izan dira. Hain justu, V. Mikroipuin lehiaketako sariak banatu dituzte. 17 partaide izan dira denera. Lehenengo kategorian bederatzi partaide izan dira, eta lehen saria Laira Otegik jaso du, Hiru sagu eta altxorra lanagatik. Bigarren saria, berriz, Lorea Alonsok eskuratu du, Nire lagunik hoberena lanari esker. Bigarren kategorian partaide bakarra izan da, eta bera izan da saritua, Maialen Azpiroz, Nire txikitako ametsa izeneko lana aurkeztuz. Hirugarren kategorian zazpi partaide izan dira, eta lehen saria Mirari Saizarrek lortu du, Begira lanarekin, eta bigarren saria Axier Matxinearentzat izan da, Arazo modernoak lanari esker.
Herri bazkariaren ostean, jai giroak frontoian jarraitu du, bertan egin baitituzte jolasak. Zapia, imintzioka, izarra eta aulki jokoa egin dituzte, eta une dibertigarri ugari utzi dituzte parte hartzaileek. Erromeriarekin jarraituz, luzatuko dute festa berastegiarrek.