Elkarrizketa

«Sendatzeko helburuz erabilitako praktiketan zentratu naiz»

Asier Imaz / Irati Saizar Artola 2022ko eka. 9a, 11:59

Doktore tesia hartu eta moldaketa batzuk egin ostean 'Magia contra la enfermedad en la Castilla tardomedieval' izeneko liburua idatzi du, orain gutxi, Olatz Etxeberria Mendizabal historialari berastegiarrak; tartean, garai bateko errezetak aztertu ditu.

Magia contra la enfermedad en la Castilla tardomedieval izeneko liburua idatzi du Olatz Etxeberria Mendizabal (Berastegi, 1989) historialariak. Erdi Aro amaieran gaixotasunen aurka erabiltzen ziren praktikak aztertu ditu eta liburu batean jaso ditu, bai teologoen pentsamoldeak eta baita medikuenak ere.

Tesi batetik dator liburua?

Duela lau urte EHUn defendatu nuen doktore tesiaren moldaketa bat da. Atal batzuk laburtu eta berridatzi ditut, eta liburu baten forma eman diot eskuragarri egon dadin interesa duenarentzat.

Ze ikasketen ondoren etorri zen tesia?

Historia ikasi nuen eta Erdi Aroan espezializatu nintzen. Orain, atzera begira jarrita konturatu naiz historia ikasten hasi nintzela, espresuki, gai honekiko interes handia nuelako. Historian zehar gizakiak bere eguneroko arazoak eta betebeharrak konpontzeko erabili dituen praktikekiko eta sinesmen magiko eta superstizioekiko interes handia nuen.

Argi zenuen zer nahi zenuen.

Irakasle batek egun bateko saio bat eman zigun, gutxi gorabehera gai honetaz aritu zen eta ikusi nuen bazegoela zer ikertua. Beka bat eskatu nuen, eman zidaten eta hor hasi zen guztia.

Liburuaren izenburuan magia aipatzen duzu.

Magia hitza oso orokorra da, esanahi asko ditu, eta horregatik, ikerlariontzat oso erabilgarria da. Historian zehar erabili izan diren era askotako praktikak barne hartzeko erabiltzen da hitz hori. Baina, kasu honetan, sendatzeko helburuz erabilitako praktika horietan zentratu naiz.

Eremu eta garai zehatzean.

Erdi Aroaren amaieran, XV. eta XVI. mendeetan, Gaztelako Koroak garai horretan ia penintsula osoa hartzen zuen, eta horko iturriak ikertu ditut.

Zergatik garai hori?

Ikertzen hasi ahala, ikusi nuen garai horretan aldaketa nabarmen bat gertatzen dela teologiaren aldetik, elizako autoritateen aldetik. Lehendik ere kezka baldin bazuten praktika hauekiko, momentu horretan kezka hori areagotu egin zen, eta teologoak liburuak idazten hasi ziren, praktika horiek kondenatzeko.

Liburuan zer aztertzen duzu?

Testuinguruan jartzen dut gaia. Garai horretan, arrazoi asko tarteko eman zen eraldaketa hori, baina kontuan hartzekoa da elizaren erreforma. XIII. mendetik eliza bere instituzioa erreformatu nahian hasi zen, baina ez aldaketa instituzionala bakarrik, baita aldaketa morala edo espirituala ere. Fededunen erlijioa bizitzeko modua aldatu nahi izan zuen; ordura arte, esaterako, gaixo zegoen norbaitek nomina deitzen zitzaien pergamino zati batzuetan orazioak edo gurutze bat edo formula magikoren bat idazten zuen eta lepoan zintzilik eramaten zuen hari batekin. Baina teologoek zioten ezin zela gaixo zeundenean horrelako gauza bat jarri eta hori jarri duzulako jainkoak lagunduko dizula pentsatu, egin behar zena zen eguneroko bizitzan zure fedea elikatu eta jainkoarekiko erlazioa hobetu, egunero errezatuz, jainkoari laguntza eskatuz, ez bakarrik ezbehar baten aurrean. Pietate forma berri bat bultzatzen hasi ziren teologoak.

Ze faktore gehiago zeuden?

Teologiaren barruan obsesio bat ere bazegoen deabruaren ekintzekiko. Beraiek esaten zutenez, praktika batek ez bazuen sendatzen erabilitako osagaien bertute naturalengatik edo ezta jainkoaren laguntzagatik ere, besterik adierazi ezean, deabruagatik sendatuko zela, beraz, deabru ekintza bezala ulertzen zen. Eta deabru ekintza bat zen egin zenezakeen bekaturik okerrena.

Erreferentzi bezala, teologoen liburuak soilik daude?

Eliz gizonek edo apezpikuek idatzitako liburuak daude, eta hauek beti debekatzeko intentzio batekin idazten dute. Baina beste aldean, medikuen liburuak eta medikuen errezeta liburuak daude. Horietan ikusi dut praktika horiek ez direla kondenatzen, baizik eta gomendatu egiten direla.

Beraz, batetik teologoak daude eta bestetik 'magia' praktikatzen duten herritarrak.

Guk tradizionalki horrelako ekintzak jende xehearekin lotu izan ditugu, izan ere, teologoek beti analfabetoei buruz hitz egiten dute, baina orokortasunean ikertzen hasita, historialariek geroz eta argiago dute gizarte osoan hedatutako praktikak zirela. Azken batean, hor zegoen mentalitate hori, eta beharra zegoenean, mundu guztiak erabiltzen zituen horrelako praktikak. Ikusi da, baita ere, eliz gizonak beraiek ere ez zirela ados jartzen; batzuk praktika batzuk defendatzen zituzten eta beste batzuek ez. Ez zen beraz ezjakinen kontu bat, medikuek ere erabiltzen zituzten.

Zer gehiago jaso duzu liburuan?

Konparaketa bat egin dut. Liburuak bi zati nagusi ditu. Batean, praktika hauekiko teologoen ikuspuntua ikertu dut, eta bestetik, bigarren zatian, medikuen ikuspuntua ikertu dut eta medikuen errezeta liburuetan aipatzen diren praktiken ezaugarri nagusiak atera ditut. Prozesu hori polita izan da.

Errezetak banan bana hartu eta aletu egin ditut: ze osagai zituzten, osagaiek osagarri magikoa ote zuen edo sinbolikoa... Praktikoki, politena izan da ikustea denek zutela komunean gauza bat: sinbolismoari ematen zitzaion garrantzia. Hau da, mentalitate magiko bat zegoela. Adibidez, osagaiak aukeratzerakoan, askotan, osagai horiek osagarri sinbolikoa zuten. Adibide zehatzago bat jartzearren, ikusmen arazo bat konpontzeko edo begizkoaren kontra, hegazti harrapakarien begiak gomendatzen zituzten askotan, kontsideratzen zelako hegazti harrapakariek ikusmen ona dutenez, lagundu egingo zietela ikusmenarekin lotutako gaixotasuna sendatzen. Medikuntzak momentu horretan arrazoiketa ezberdinak zituen. Gaur egundik begiratuta arraroa egiten zaigu, baina orduko mediku teoria medikuntza eskolastikoa zen.

Eta zer da medikuntza eskolastikoa?

Hiru arrazoiketetan oinarritzen zen. Bat arrazoia da, adibidez, belar bat badakigu baliogarria dela gaixotasun batentzat. Bestea, esperientzia, hau da, norbaiti honek noizbait sendatu badio, nahiz eta oso arraroa izan, sendatu badu balio du. Hor, praktika magiko asko sartzen dira. Hirugarrena eta azkena autoritateena da. Antzinateko mediku batek zitatu bazuen praktika hori, baliogarria zen, autoritate bat zelako. Hiru arrazoiketa horien bidez kokatzen ziren praktika magiko asko.

Liburua idatzita, zure hasierako jakin-mina ase duzu?

Momentuz bai. Orain atsedena behar dut. Tesia egiten bost urte pasa nituen eta liburua moldatzen poliki-poliki aritu naiz. Izan ere, tesia amaitu eta gero gogorra egin zitzaidan berriro gaiari heldu eta liburuarekin hastea, berriro tesia hartu, irakurri eta lanean hastea. Orain gustura nago emaitzarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!