Baserritar jantziak izango dira protagonista larunbatean Berastegin

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 9a, 07:57

Euskal Jaia ospatuko dute larunbat honetan Berastegin; goizean pintxo lehiaketa izango dute eta jolasak eta erromeria izango dituzte arratsaldean.

Euskal Jai eguna ospatuko dute larunbatean Berastegin. Egun osoko egitaraua prestatu dute eta ez da faltako trikiti doinu zein erromeriarik. 

Urepele kultur taldea arduratzen da guztia antolatzeaz, udalaren laguntzarekin. Aurten, azken bi urteak ospatu gabe pasa eta gero, seigarren Euskal Jaia egingo dute. 2015ean antolatu zuten lehen aldiz, Ane Salbarredi kultur taldeko kideak azaldu duenez: "Hilabetero ekintzaren bat antolatzen saiatzen gara, eta 2015 hartan, ekaina hutsik geratu zitzaigunez, Euskal Jaia ospatzea erabaki genuen". Beste herrietatik ideiak hartu eta egun guztiko festa antolatu zuten, eta izandako arrakasta ikusita, urtero hutsik egin gabe antolatzen dutela kontatu du. 

Goizean emango diete hasiera egunari. 11:00etan herria girotzera aterako dira herriko trikitilari eta txistulariak. "Diana moduko bat izango da, eta horrela herritarrei festa eguna dugula gogoraraziko diegu". 11:30ean VI. Pintxo lehiaketa herrikoia egingo dute. 

Lehen ediziotik mantendu dute lehiaketa eta egiten dituzten pintxoak ondoren dastaketarako baliatzen dituzte. Taldeka hartuko dute parte, gehienez lau pertsonako taldean, eta talde bakoitzak hiru pintxo aurkeztu beharko ditu 12:30erako epaimahaiarentzat eta gutxienez hamar pintxo dastaketarako, 13:00ak baino lehen. "Pintxo beroak egiten dituztenek, dastaketarako beranduago aurkezteko aukera izango dute, eta horrela epaimahaiak denbora izango du dastatu eta puntuazioa emateko". Dastaketarekin batera sari banaketa egingo dute eta une hori aprobetxatuko dute, baita ere, V. Mikroipuin lehiaketako sariak emateko. Salbarredik gogorarazi du pintxoak momentuan egin beharko direla eta etxetik ezingo dela prestatutako jakirik eraman. 

Eguerdian herri bazkaria egingo dute, norberak etxetik eramanda. Antolakuntzak ogia, edaria, kafea eta kopa jarriko ditu. Jolasak egingo dituzte ondoren taldeka: "Bazkal ostean umorea ere gehiago izaten da eta jolasak egiteko aprobetxatzen dugu; aulki jokoa, zintza jolasa eta horrelakoak izaten ditugu". 

Eta behin jolastuta, erromeria izango dute Sara Iriarte eta Ane Etxezarreta trikitilarien eskutik. Euskal Jai egun batean dantzarik egin gabe ezin dela geratu azpimarratu du Salbarredik eta horrekin batera herritarrei baserritar jantziekin parte hartzeko deia egin die. Iluntzean luncha izango da Urepele elkartean jaia biribiltzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!