Salontzotako kartel lehiaketa abian da

Ataria 2022ko ekainaren 1a

Ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak; irabazlea festetako programaren eta kartelaren azala izango da.

Geroz eta gutxiago geratzen da Berastegiko Salontzoetarako eta kartel lehiaketa jarri dute martxan aurten ere, bederatzigarrenez. Irabazle suertatzen den diseinua aurtengo festetako programaren eta kartelaren azala izango da, eta herri afarian ezagutaraziko da zein izan den egilea. Saria ere momentu horretan emango zaio.

Ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da lana, gutun azal batean. Beste gutun azal batean egilearen datuak aurkeztu beharko dira. Diseinu librea izango du lanak: digitala izan daiteke, marrazki bat edota collagea. Azalaren neurria A4 orriaren erdia izan beharko du, hau da, A5-a, horizontalki jarrita. Eta honako testuak azaldu beharko dira, hizki larriz edo xehez: batetik, Berastegiko Salontzoak 2022, eta bestetik Abuztuak 5,6,7,9 eta 10. Edozein zalantza izanez gero, kultura@berastegi.eus helbidera idatzi daiteke edo 688 681 952 telefonora deitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!