Berastegi lorez apaintzeko garaia iritsi da

Ataria 2022ko ekainaren 1a

Iazko lehiaketan parte hartutako lorategi bateko irudia.

XIV. Leiho, balkoi eta terraza lehiaketa eta XIII. Lorategi lehiaketa antolatu dituzte, eta ekainaren 30era arteko epea egongo da izena emateko.

Berastegiko Udaleko kultur batzordeak aurten ere XIV. Leiho, balkoi eta terraza lehiaketa eta XIII. Lorategi lehiaketa antolatu ditu eta izen ematea zabaldu du. Bi bide izango dira izena emateko: 943 683 000 zenbakira deituta edo udaletxeko harrera bulegora joanda. Ekainaren 30a baino lehen eman beharko da.

Leiho, balkoi, terraza eta lorategiak baloratzeko, uztaileko egun batean batzordekideak eta lorezaintza teknikari bat etxez etxe ibiliko dira puntuazioa jartzen. Parte hartzaileei aldez aurretik jakinaraziko zaie zein egunetan joango diren. Kontuan hartuko diren ezaugarriak kolorea, landareen aniztasuna, konbinaketa, estetika eta txukuntasuna izango dira. Argazkiak aterako dituzte eta udalaren webgunean jarriko dituzte ikusgai. 

Denera sei sari banatuko dituzte, modalitate bakoitzean hiru. Sariak ziklikoki banatuko dituzte, "ahalik eta partaide ezberdin gehien saritu ahal izateko"; beraz, iazko garaileek ez dute saria jasotzeko aukerarik izango datorren urtera arte. Lehiaketa egin ahal izateko, gutxienez, bost parte hartzailek eman beharko dute izena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!