Suziriak zerua zuritu bezalaxe, hasi dira behor eta behiak belardi berdeetan gora. Hurrengo hilabeteetan zer jan eta non etzan izango dute gaur larreratu diren behorrek, behiek eta ardiek.
Larre komunalen proiektua 2019an hasi zuten Berastegin. Lehen urte hartan proba pilotu gisa martxan jarri zuten hainbat ganaduzalerekin, eta 2020an 18 ganaduzaleek erabili zituzten udalarenak diren lurrak. Aurrera begira ordea, asmoak etenaldirik ez badu, larreak garbitzen jarraitu eta hektarea gehiago erabilgarri izatea espero dute.
Hamaiketakoaz gozaturik
Gaurkoan, behin animaliek mendian gora egin dutenean, bertaratu diren berastegiarrentzat ere ordainsaria izan da. Berastegiko Udalak eurentzat hamaiketako zuen prest Gorosmendiko belardian.
Baserritarren omenezko ekitaldiek jarraipena izango dute, bihar, maiatzaren 15ean, San Isidro egunean. Prozesioa, meza, bertsolariak, haur pilotarien partida, bazkaria eta trikitilariak izango dira eguna borobiltzen.
- SAN ISIDRO EGUNA. MAIATZAK 15, IGANDEA
- 11:45. Prozesioa udaletxetik San Martin elizara, txistulariek lagunduta.
- 12:00. Meza, herriko haur dantzari eta bertsolariek lagunduta.
- 13:00. Herriko haur pilotarien partidak karreapean.
- 14:00. Bazkaria udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Ondoren. Ansorregi eta Larrañaga trikitilariak.