Berastegi inguruko mendiak ezagutzeko aukera, igandean

Irati Saizar Artola 2022ko mai. 5a, 11:58

Maider Irisarri, Patxi Irisarri eta Leire Garaiburu antolatzaileak, kartelekin.

XXVII. ibilaldi neurtua eta XX. ibilaldi laburra egingo dituzte igandean; ibilaldi luzekoak 07:00etan aterako dira plazatik eta izena irteera aurretik eman beharko da plazan.

Igande honetarako planik ez duenak badu aukera Berastegin. XXVII. ibilaldi neurtua antolatu du Basurde Elkarteak eta XX. mendi ibilaldi laburra Beasti Guraso Elkarteak. Luzera ezberdinetakoak dira biak, beraz, izango da aukera modu batera edo bestera Berastegi inguratzen duten mendiez gozatzekoa.

Hiru urte bete dira ibilaldirik egiten ez zela eta antolatzaileek gogotsu hartu dute aurten egiteko erronka. "Guztia prest daukagu, beraz, igandean herritarrak zein Berastegi ingurukoak animatzea nahiko genuke, denentzat baitu lekua mendiak", esan dute.

Ibilaldi neurtua 25 kilometrokoa izango da eta zazpi orduko iraupena izango du. Irteera 07:00etan izango da plazatik abiatuta, baina aurrez izena eman beharko da, beraz, antolatzaileek denboraz bertaratzeko gomendioa luzatu dute. Izen ematea plazan bertan egingo da, 6 euroren truke.

Plazatik atera eta Aiztunalde auzotik barrena Lartera igoko dira, zeharrean Boketetik pasa eta Ulira iristeko. Handik, Ulizarrera igo ondoren, beherantz abiatu eta Urto-Plazaola aldera jaitsiko dira. Erregeneko bordatik pasata Ipuliñora igo, Gorosmenditik San Lorentzo ermita ikusiz mugara jaitsi eta handik Berastegira itzuliko dira berriro ere.

Ibilbidean zehar kontrolak jarriko dituzte, eta parte hartzaile guztiek gune horietatik pasa beharko dute, txartela erakutsiz. Urton, anoa postua jarriko dute eta jateko izango da, eta gainerako kontroletan ura egongo da.

Mendia zaintzeko ardura guztiona dela gogoraraziz, ibiltari bakoitzak bere hondakinak jasotzeko eskatu dute antolatzaileek.

Ibilbide amaieran, babesleek eskainitako zenbait opariren zozketa egingo dute proba amaitu duten mendizaleen artean. Plazan amaituko da eta bertan egingo dira zozketak ere.

Ibilaldi laburra

Beasti Guraso Elkarteak ere prest du guztia ibilaldi laburrerako. Kasu horretan, 9 kilometroko ibilbidea osatuko dute, mendiz, Berastegi alde batetik inguratuz. 09:00etan jarri dute irteera ordua, plazan, eta aurrez ez da izenik eman beharko.

"Edonork egiteko moduko ibilbidea da, haurrekin eta familian egiteko aproposa", esan dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!